'Hazi Hezi' aldizkariak Adunan ospatuko du 10. urtemuga

Jon Miranda Labaien 2022ko mai. 18a, 19:00

Maiatzaren 29an egingo dute haziera eta heziketa gaiei buruzko aldizkariaren urteurrena ospatzeko festa; goiz osoan zehar izango dira ekitaldiak plazan

Hazi Hezi aldizkariaren hamargarren urteurrena ospatzeko festa egingo dute Adunan maiatzaren 29an. Herriko plazan, 11:30etik 14:00etara egingo dituzte ekitaldiak eta Alaia Martinen agur bertsoa, Nerea Mendizabalen hitzaldia eta Porrotx eta Marimototsen emanaldia izango dira tartean. Ospatzeko garaia da leloarekin antolatu dute festa, eta hamargarren urteurrenaz gainera, aldizkariaren eraberritzea ere ospatu nahi dutela azpimarratu du Ainara Gorostizu Hazi Hezi aldizkariko arduradunak. «Harpide eta irakurleekin ez ezik, herritarrekin, herritar ororekin ospatu nahi dugu eguna».

Hazi Hezi Hik Hasi egitasmo pedagogikoak sortutako haziera eta heziketa gaiei buruzko aldizkaria da, familiei eta hezitzaileei zuzendua. «Euskara hutsezko aldizkari espezializatu batek hamar urte egitea bera ospatzeko arrazoi nahikoa iruditzen zaigu», esan du Gorostizuk. Maiatzaren 29ko festa aldizkariaren funtsa aurkezteko ere baliatuko dutela aipatu du: «Duela hamar urte, irakasleen, gurasoen, psikologoen eskariz sortu genuen aldizkari hau, haurraren hazierari, garapenari eta heziketari buruzko galdera askori erantzun ezinda zebiltzalako familia eta hezitzaile asko. Eta ordutik, Euskal Herriko aditu eta  irakasle kontsagratu talde zabal baten galbahetik pasatako informazio kontrastatua, modu arinean ematen saiatu gara». Duela gutxi eraberritu dute aldizkaria eta edukiak formatu «arinago eta ikusgarriagoan» ematen dizkiete irakurleei. Eraberritze hori ere ospatu nahi dute Adunan.

Urtean lau aldizkari argitaratzen ditu Hazi Hezi-k eta 20 euroko harpidetzarekin etxean jaso daitekeela nabarmendu du Gorostizuk. «Aldizkari bakoitzaren aurrean gure ahalegina izan da haurtzaroarekiko errespetua, haurren subjektu izaera eta beharren errespetua eta zaintzaren ikuspegi feminista uztartzea. Alegia, zaintza lana amen bizkar ez zamatzea. Haziera eta heziketak tribu baten egitekoa dela esaten da eta bakarrik eta presaka bizi garen garai hauetan tribu modernoa izan nahi du Hazi Hezi-k».

Inguruko familiei deia

Jai irekia izango da maiatzaren 29an Adunan egingo dutena. Josu Amilibia alkateak aipatu duenez, «plazer handiz» hartu dute jaia antolatzeko proposamena. «Ospakizuna egiteko motibo nahikoa badago eta inguruko herritarrei deia luzatzen diegu jendea azaldu dadin». Igande horretan 11:30ean hasiko da festa eta Alaia Martinek emango dio hasiera festari, agurreko bertsoekin. Martin Hazi Hezi-ko erredaktore kolaboratzailea da.

Beste bi lagunek hartuko dute parte hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian. Nerea Mendizabal psikopedagogoak hezitzaile eta gurasoentzako hitzaldi bat eskainiko du, eta aldi berean, Alazne Ugartetxea irakasleak eskulanak egingo ditu umeekin.

Festa amaitzeko, Porrotx eta Marimototsek ikuskizuna eskainiko dute. Porrotxek azpimarratu du herrigintzatik sortutako proiektu batek 10 urte betetzea «ametsa» dela. Hik Hasi egitasmo pedagogikoak 26 urte bete dituela gogoratu du Porrotxek eta nabarmendu du gaztetxoak komunitateak hazi eta hezten dituela.

Pailazoek iragarri dute maiatzaren 29ko festan ametz bat landatuko dutela Adunan. «Arbola bertan geratuko da eta bertako umeek zainduko dute, ureztatu, besarkatu eta musukatuko dute zuhaitza behar bezala hazteko», esan du Porrotxek. Bertaratzeko asmoa duten umeei, harri batean euren ametsa idazteko gonbidapena luzatu die pailazoak eta hitz eman du amets horiek guztiak landatuko duten ametzaren alboan utziko dituztela. «Ametsak landatzera gatoz, gureak koloreetako izaten dira gure kantuan diogun bezala».

Marimototsek, bere aldetik, Hazi Hezi aldizkariaren balorea goraipatu nahi izan du: «Eskertzekoa da aro digital honetan horrelako aldizkari pedagogiko bat paperean kaleratzea. Nik neuk erabili izan dut aldizkaria eta baita nire inguruko irakasle eta hezitzaile askok ere».

Adunako Irudek enpesak babestuko du maiatzaren 29ko festa eta bertan parte hartzeagatik poza agertu du bertako arduradun Xabier Artanok. «Gurea ere familia enpresa da eta gustura hartuko dugu familia giroko horrelako ekitaldi batean parte hartzea». Babesleek eta parte hartzaileek festa hau antolatzeko agertu duten borondatea eskertu dute Hazi Hezi-ko arduradunek. «Gonbidatuta zaudete guztiok Adunara», azpimarratu du Gorostizuk aldizkariko kide guztien izenean.

Erlazionatuak

Hazi Hezi festara gerturatzeko gonbidapena

Tolosaldeko Ataria 2022 mai 18 Aduna

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!