Irizar e-mobility greban

Negoziatzeko borondateari eusten diola esan du Irizar taldeak

Ataria 2022ko mai. 11a, 13:51

Irizar taldeak idatzi bat zabaldu du bazkide eta langileen artean non soldata igoeraren inguruko azalpenak ematen dituen, besteak beste. Langileek esan dute ordea, zuzendaritzarekin bildu gabe eta eskatutako bost puntuak bermatu gabe jarraitzen dutela.

Irizar taldeak adierazi duenez, Adunako egoitzako langileen soldata oinarriak  %11,3 (KPI + %4,8) igotzea eskaini dute 2022rako eta KPI + %1 datorren urterako, "indarrean dagoen metalaren hitzarmenean ezarritako baldintzen nabarmen gainetik mantentzeko konpromisoarekin jarraituz". Aurtengo urtarrilaren amaieran hasi ziren 2023-2025 hitzarmen berriaren negoziazio prozesuan kokatzen da soldaten igoera, eta horrekin batera, "aurreko akordioa hobetzen duten" beste neurri batzuk ere proposatu dituela esan du Rafa Sterling taldeko zuzendari nagusiak sinatuta bere bazkideei igorritako idatzian.

Neurri horien artean daude, goizeko lanaldi estandarra lerroan eta malgutasuna sarrera eta irteera ordutegietan bizitza pertsonalaren kontziliazioa hobetzeko; erreleboagatiko plusa; enpresak finantzatutako jangela zerbitzua; beste ekoizpen lantegi batzuetara mugitzeagatiko plusa; kategoriaz automatikoki igotzea bi urtera praktika aldia gainditu ondoren; zuzeneko langileentzako eguneko irteera linealeko osagarria lehenengo egunetik; formazio teknikoa eta hizkuntzen kasketa indartzea; eta berdintasun plana.

Horiez gain, ezkontidea eta seme-alabak sartzeko aukera duen osasun plana, bizitza asegurua, mediku baja arruntetarako borondatezko osagarria edota lan istripuetarako borondatezko osagarria ere nabarmendu ditu enpresak aurreko hitzarmenetik mantentzen direnen artean.

Irizarretik esan duenez, aurreko akordioa "hobetzea" proposatzen ari dira; "eta, etorkizunean hobetzen jarraitzeko borondate irmoa dugu, enpresaren hazkundearen eta bilakaera positiboaren arabera". Hala, proposatutako "hobekuntzak" "ahalegin ekonomiko handia" direla adierazi du, eta "baloratu" egin behar direla.

Hitzarmen berri bat lortzeko negoziatzera esertzeko "borondateari" eusten diola esan du Adunako enpresak, eta greba "berehala" bertan behera uzteko eskatu du, "normaltasunera itzultzeko". Ildo horretatik, enpresa batzordeak azken hilabetean hartutako neurriak, greba mugagabea eragin dutenak, "guztiz neurrigabeak" iruditu zaizkio enpresari: "Ez da errespetatu greba egin nahi ez duten pertsonek lanera joateko duten eskubidea, Irizar e-mobilityren instalazioetara sartzea galarazi baitiete". Taldeak esan du bezeroekin hartutako konpromisoak betetzea "eragozten" duela horrek, "Irizarren irudiari kalte konponezina eginez".

Gutxieneko bost baldintza bermatzea eskatzen dute langileek

Bada, Adunako egoitzako langileek taldeak igorri duen idatziaren inguruan zehaztu dutenez, zuzendaritzak hiru aste daramatza beraiekin harremanetan jarri gabe. Era berean, negoziatzen jarraitzeko "gutxieneko bost baldintza bermatzea" exijitzen dutela gogoratu dute: Irizar e-mobilityko kontratua duten langileei lan berdinagatik soldata bera ordaintzea; lan irteeretarako lan baldintzak duindu eta berdindu langile guztiei; egiten diren esfortzu gehigarriak konpentsatu; lana eta bizitza uztartzeko neurriak jartzea, bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzeko; eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena bere osotasunean betetzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!