50 urte euskal kulturgintza garatzen

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 9a, 19:59

Elkar Fundazioaren 50. urteurrenaren harira, euskarari eta euskal kulturari ikusgarritasuna eta irismena ematea izan dela bere ekarpen handiena nabarmendu dute; Adunako egoitzan 215 pertsonak egiten dute lan, eta ate irekien eguna egingo dute adunarrei erakusteko.

50 urte bete ditu Elkar Fundazioak, eta urteurren borobila eta Adunako egoitza berria baliatu nahi ditu bere jarduna ahalik eta gehien ezagutarazteko euskal eragileen artean. 2021ean kokatu zen Elkar Adunan, Unipapel enpresaren pabiloia erosi eta gero. Egun, 215 pertsonak egiten dute lan bertan.

Joxemari Sors, Elkar Fundazioko lehendakariak taldearen sorrera eta garapena azaldu ditu Ipar eta Hego Euskal Herrian emandako urratsen bidez, 60. hamarkadako bigarren zatian Joseba Jaka gaztea etxez etxeko salmentak egiten hasi zenetik, gaur egun taldeak Euskal Herrian nahiz estatu mailan dituen egiturak, lankidetzak, proiektuak eta erronkak barne. Ibilbidea ez dela samurra izan adierazi du Sorsek: "Euskara eta euskal kultura ardatz izan dituen taldeak oinarri nagusietakoa izan du alderdi politiko guztietatik aske izatea, eta Euskal Herrian bizi izan den giro politiko eta soziala kontuan hartuta, oztopoak ugariak izan dira: salatzeak, mehatxuak, bonbak, atxiloketak...". Baina, une gozoak ere aipatu ditu, eta taldeak gizartetik jaso duen atxikimendu zabala nabarmendu du; "Elkar erreferente izan da euskara eta euskal kulturaren eremuan gizarte zabalarentzat, eta gizarteak behar zuenari erantzuten jakin izan du bere ibilbidean".

Elkarren balore eta helburuen artean, elkarlana errepikatu du fundazioko lehendakariak: "Elkar Fundazioak ez du bere egitekoa bakarlanean soilik ulertzen, baizik eta helburu berdinak konpartitzen dituzten herritar, talde, elkarte eta abarrekin lankidetzan". Eta, bere egitekoa aurrera eramateko "motor nagusietakoa" berrinbertsioa izan da: "Elkar ez zen sortu soilik talde indartsu bat egiteko, herrigintza sustatzeko sortu zen batik bat, euskal gizartea lagundu, elikatu, garatu eta euskarari eta euskal kulturari ikusgarritasuna eta irismena emateko sortu zen. Hori izan da Elkarren ekarpen handiena eta hemendik aurrera ere oinarri horiekin lana egingo du".

Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak bost hamarkadatan egiteko modua eta negozio eredua "asko" aldatu dela eta egokitu beharra izan dutela azaldu du; "aldatu ez dena unean uneko gizartea begiratu eta beharrak, erronkak eta auziak identifikatu eta horiei aurre egiteko bitartekoak eskura jartzea, kultur edukien bidez". Izan ere, Osak esan duenez, argitaletxearen jarduna "ekoizte hutsa baino harago doa", eta azken helburua ez da urtean liburu edo disko kopuru bat kaleratzea, "kultura ez baita entretenimendu hutsa edo entretenimendua soilik, kultura norbanako eta komunitate kritikoagoak, askeagoak, prestatuagoak, hobeak lortzeko giltza da".

Euskal kulturaren erronka handietako bat ikusgarritasuna dela esan du argitaletxeko zuzendariak, badena ezagutzera ematea, alegia, eta horrekin batera, gizartean kulturaren ahalduntzea.

Mikel Esnal Elkar taldeko zuzendari kudeatzaileak liburuaren eta musikaren sektoreetan azken urteetan eman diren aldaketak digitalizazioaren eraginez edota aisiarako aukera berriengatik izan dela azaldu du, eta horren aurrean, taldeak erronka bikoitza duela: "Batetik, euskara eta euskal kulturaren sustapena modu eraginkorrean bultzatzen jarraitu behar du, eta bestetik, enpresa den aldetik, aldaketetara egokitzen asmatu behar du, horretarako estrategia zuzenak abian jarriz". Hala, erronka horiek gainditzeko lankidetza funtsezkotzat jo du: "Gainerako eragileekin lankidetza sustatzen jarraitu behar da, indarrak bateratuta eta elkar lagunduz egin dezaketelako aurrera euskal kulturak zein euskal kulturgintzako eragileek". Hain justu, lankidetza izan dela esan du taldearen garapenaren oinarria.

Liburu banaketaren sektoreari dagokionez, aldaketa handia eta isila gertatu dela Espainiako estatuan azken 15 urteetan esan du Esnalek. "Horren aurrean, Elkarrek bere helburuei autonomiaz eutsi die eta, enpresa proiektu sostengarri baten bila, apustu estrategikoa egin du estatuko banaketa independentearen sektorean". Bada, estrategia hori garatzeko Adunako azpiegitura berria ari da baliatzen taldea, eta gaur egun oraindik Euskal Herritik kanpo dituen lan zentroetako operazioak Euskal Herrira ekarriz, bertako lan postuak ziurtatu eta hazteko aukera emango dio.

Adunako lantegiari dagokionez, 12 milioi euroko inbertsioa egin da bertan. Orubeak 30.000 metro koadro ditu, eta bertan daude 15.000 metro koadroko biltegia eta bulegoak. 215 pertsonak egiten dute lan bertan, %54 emakumezkoak eta %46 gizonezkoak, eta hurrengo urteetan beste 20 lanpostu berri sortzeko aukera emango duela aurreikusten da. Bi milioi liburu daude biltegiratuta, eta beste milioi erdi ale papertegi eta jokoetan. Adunatik, urtean 9/10 milioi ale inguru zerbitzatzen dira.

50. urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Maiatzaren 26an, esaterako, Adunan egingo den ekitaldian bi sari emango dituzte, Ibilbideari elkar saria eta Joseba Jaka beka. Bi urtetik behin ematen den Joseba Jaka beka, aurten musika proiektuak laguntzeko deitu da eta Ines Osinagak jasoko du, Itsasoa da bide bakarra izeneko musika proiektua lantzeko. 1996an hasita urtero ematen den Ibilbideari elkar saria, berriz, bi eragilek jasoko dute 2022an. Elkar Fundazioak erabaki du aurten saria ematea Elhuyarri eta UEUri, gogoan hartuta bi euskalgintzako erakunde horiek ere aurten 50 urte beteko dituztela.

Horrekin batera, bisitak egingo dituzte Adunako egoitzan. Urtean zehar eragile politiko, sozial eta kulturalak Adunatik pasatzen joango direla azaldu dute, eta haiei aurrez aurre aurkeztuko zaie Elkar, bere historia, eta batez ere etorkizunerako egitasmoa, nahiz egoitza berria. Eta, ate irekien eguna ere egin asmo dute, Adunako herritarrei Elkar zer den erakusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!