Irizar e-mobilityko langileek greba mugagabea hasi zuten apirilaren 25ean, eta gaurkoa hamabosgarren greba eguna dute. Gaur-gaurkoz, "zuzendaritzak ematen du desagertuta dagoela, ez dugu jaso ez deirik, ez biltzeko proposamenik, ez ezer", adierazi dute. Manifestazioa egingo dute larunbatean, hilaren 14an, 17:30ean, Andoaingo goiko plazatik abiatuta, eta manifestazioarekin zuzendaritzari pausua eman dezala eskatuko diote.
"Merezi dugun enpresa ituna eskatzen dugu, gutxieneko lan baldintza batzuk bermatuko dituena", esan dute enpresa batzordeko kideek. Negoziazioak berrabiaraztea nahi dute, eta "bost baldintza kualitatibo eskatzen ditugu, puntu kuantitatiboak negoziaziorako utziz". Baldintza zehatzak zerrendatu dituzte: "Irizar e-mobilityko kontratua dugun langileoi lan berdinagatik soldata bera ordaintzea; lan irteeretarako lan baldintzak duindu eta berdindu langile guztioi; egiten diren esfortzu gehigarriak konpentsatu; lana eta bizitza uztartzeko neurriak jartzea, bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzeko; eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena bere osotasunean betetzea".
Irizar e-mobility ez dela edozein enpresa esan dute enpresaren aurrean bildu diren langileek. "Frantziar estatuko lehen ekoizleak gara, eta Europan ekoizten diren hamar autobus elektrikoetatik bat gurea da", eta gaineratu: "Etorkizunean industriaren oinarri izan nahi duen sektoreetako bat da, hain beharrezkoa den trantsizio energetikoan gako".
"Hala aitortzen diote instituzioek, eta horregatik laguntza ugari jaso ditu", eman dute jakitera, eta galdera luzatu dute: "Etorkizuneko industria bigarren mailako lan baldintzetan oinarrituko da?".
Langileen joan-etorria «izugarria» dela diote: «Askok ez dute euren etorkizuna hemen ikusten eta alde egiten dute. Honek garbi islatzen du lan baldintzak nolakoak diren». Aldi berean, kontratazio berriak egiterakoan «arazoak» izan dituzte: «Horrela sortuko dugu industria lehiakorra, bigarren mailako lan baldintzekin?». Instituzioak ezin dutela «entzungor» egin aldarrikatu dute, "enpresa hauek laguntzen dituzuen moduan, zuen ardura ere bada enpresa horietan lan baldintza duinak daudela egiaztatzea", exijitu dute. Hori horrela, "instituzioei eskatzen diegu esku har dezaten dugun egoeran, eta mugiarazi dezatela zuzendaritza eskatzen ditugun bost puntuak bermatuko dituen proposamen bat egitera".
"Egoera irauli behar dugu, eta horregatik ari gara borrokan", adierazi dute langileen ordezkariek. Euren borrokari dagokionean, "jakinarazten dugu beti gabiltzala adostasunak lortzearen alde, baina egoera jasanezina bilakatu da". Indartsu agertu dira hamabosgarren egunean, eta "ez dugu atzera egingo, eta Irizarri exijitzen diogu gure baldintzak onar ditzala, gatazka hau amaitu eta negoziazioekin jarraitzeko".
Larunbatean, 17:30ean, Andoainen manifestazioa egin eta gero, elkartasun kontzertuak izango dira Andoaingo gaztetxean bertan, greban dauden langileen erresistentzia kutxarako dirua biltzeko. Herritar guztiei dei egin diete manifestazioan parte har dezaten, eta "eskerrak eman nahi dizkiegu guri babesa eman diguten eragile sozialei eta politikoei", azpimarratu dute. "Borroka hau etorkizuneko lanpostuen aldeko borroka da, herrialde oso baten borroka izan behar da, eta ez dugu zalantzarik lortuko dugula!", aldarrikatu dute.
Bukatzeko, beste behin, elkartasuna adierazi diete Berangoko Alconza Irizarren greban dauden lankideei, eta Irizarri eskatu diote 25 kaleratuak berriz har ditzala.