Etxebizitzetan autodiagnostiko energetikoa egiteko kanpaina iritsi da Adunara

Ataria 2022ko maiatzaren 9a

Maiatzaren 11n, azalpen tailer bat egingo dute kultur aretoan, etxean autodiagnostikoa nola egin azaltzeaz gain, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako departamentuak, Adunako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxean energia eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko helburua duen kanpaina antolatu du.  

Kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.

Tailerra eta kit-a

Azalpen-tailer batekin hasiko da kanpaina, Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan, maiatzaren 11n, 17:30ean kultur aretoan, etxean autodiagnostiko energetikoa nola egin azaltzeaz gain, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dituzte.

Udalaren bitartez, interesa dutenei Energia Argitu Kit maletak banatuko zaizkie. Kit horrek aukera ematen du etxeetan neurketak egiteko, energia-gabeziak detektatzeko eta %5 eta %10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak hartzea proposatzen du. Maletatxoko tresnak erabiltzeak ez du eskatzen ezagutza teknikorik; beraz, interesa duten pertsona guztiek erraz erabili ahal izango dute. Behin etxebizitzaren auto diagnostikoa eginda, parte hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatzeko aukera izango dute.

Kanpaina honetan parte hartu nahi duten herritarrek, maiatzaren 9a baino lehen izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, honako bideak erabil daitezke: argitu@gipuzkoa.eus posta elektronikoan, 628 532 303 edo 943 69 25 71 telefonoetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!