Irizar e-mobility greban

Kotxe karabana egin dute Irizarko grebalariek

Ataria 2022ko apirilaren 29a

Adunako Irizar e-mobility-ko langileek bosgarren eguna dute greban eta gaur eskualdean zehar zabaldu dituzte euren aldarriak kotxe karabana baten bitartez; 65 kotxe baino gehiago batu dira. 

Buruntzaldean eta Tolosaldean zehar kotxe karabana egin dute Irizar e-mobilityko langileek. Aduna, Andoain, Urnieta, Hernani, Villabona, Irura eta Tolosa zeharkatu dituzte, besteak beste. 65 kotxe baino gehiago batu dira gaurko karabanara. Bosgarren greba eguna dute gaurkoa eta Unai Goikoetxea langileen ordezkariaren esanetan, geroz eta langile gehiago batzen ari dira protestara. 150 inguruk bat egin dute greba mugagabearekin.

"Balorazio positiboa egiten dugu orain artekoaz. Langileen aldetik oso erantzun ona eman zaio grebari", esan du Goikoetxeak. Euren aldarrikapenek izan duten oihartzunarekin pozik daude Irizar e-mobility-ko langileek eta egunotan jaso dituzten elkartasun keinuak eskertu dituzte. Besteak beste, herenegun Tolosaldeko eta Buruntzaldeko Ernaiko kideak izan zituzten enpresa atarian, eta bestalde langileen ordezkari batzuk, eskualdeko zenbait udal ordezkarirekin bildu dira, euren egoeraren berri emateko.

Irizar e-mobility-ko zuzendaritzaren aldetik oraingoz, ordea, erantzunik ez dutela jaso aipatu du Goikoetxeak: "Enpresa desagertuta dagoela dirudi, ez dugu beraien berririk. Ez dute hau konpontzeko aurrera pausorik ematen. Haien erantzukizuna da enpresa itxita egotea. Etorri daitezela batzordera proposamen duin batekin".

Bost eskakizun egiten dituzte langileek: lan berdina egiten duten guztientzako soldata berdina; irteeratako baldintzak berdinak izateko denentzat; bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzea; esfortzu gehigarriak, bai fisikoak, baita arriskua dakartenak ere konpentsatzea; eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena kontuan hartzea."Hortik behera ez dugu hitzarmenik onartuko", esan du langileen ordezkari.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!