Jokin Eizmendik eraman du txapela

Leyre Carrasco 2022ko api. 24a, 21:34

Adunako Udalak eta zenbait eragilek antolatuta, Gorostidi Harriaren XIV. Txapelketa jokatu dute gaur Adunako frontoian, eta Eizmendik nagusitasunez irabazi du.

Puntako zazpi harri-jasotzaile aritu dira gaur txapelaren lehian: Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Jon Unanue Goenatxo III.a, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra, Sergio Mielgo eta Paulo Azpiazu. Bost harri ezberdin altxa behar izan ditu bakoitzak, bi aldiz: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko bola (kolarik gabe) eta 139 kiloko harri baldarra. Hamar jasoaldiak azkarren egiten zituenak eramango zuen txapela, eta halaxe lortu du Jokin Eizmendik jasoaldi guztiak minutu bat eta 40 segundoko denboran ostean. Emaitzarekin pozik eta probarekin gustora ibili dela aipatu du Eizmendik: "Lopetegik eta Azpiazuk kriston lana egin dute, baita Irigoienek ere. Azken honek baliogabeko jasoaldia egin duelako, bestela kriston denbora egiten ari zen. Nik azkar jasotzea lortu dut, ez dut kalerik egin eta dena ondo irten da".

Gorostidi Harria Txapelketaren barruan erronka bereziak izaten dira urtero; aurten, bi izan dira. Batetik, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrarekin jasotzea, eta bestetik, 208 kiloko zilindro zaharra bi eskuekin jasotzea. Azken hau jasotzea ere lortu du Eizmendik: "Bukaeran 208 kiloko harria heltzeko gogoa jarri zait. Hankak pixkat kargatuta neuzkan, baina ondo heldu, eta gustora geratu naiz".

Orain arte, Adunako proban jaun eta jabe izan den Irigoien izan du atzetik. Honek, ordea, baliogabeko altxaldi baten ondorioz, hamaika segundo beranduago bukatu du. Hirugarren postuan sailkatu da Urra, bi minutu eta hiru segundoko denborarekin. Laugarren, berriz, Paulo Azpiazu sailkatu da, hiru minutu eta hamar sengundoko denborarekin. Jon Unanuek eskuratu du bosgarren postua, lau minutu eta segundo bateko denborarekin. Seigarren Sergio Mielgok egin du. Azkar hasi bada ere, kostata bukatu du proba bost minutu eta 22 segundoko denbora eginez. Iruretagoiena, berriz, kostata hasi baina azkar bukatu du. Azkenean, sei minutu eta bost segundoko denborarekin sailkatu da azken postuan.

Sailkapena

  1. Jokin Eizmendi 1:40
  2. Aimar Irigoien 1:51
  3. Mikel Lopetegi 2:03
  4. Paulo Azpiazu 3:10
  5. Jon Unanue 4:01
  6. Sergio Mielgo 5:22
  7. Hodei Iruretagoiena 6:05

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!