Ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza saioak antolatu ditu udalak

Ataria 2022ko apirilaren 1a

Apirilaren 1ean eta 5ean bi saio egingo dituzte online. Herriko enpresetan ekonomia zirkularraren irizpideak ezarrita ote dauden ezagutzeko ikerketaren emaitzak ikusi ondoren jarri dute martxan ekimena.

Adunako Udalak 2021 urtean zehar herriko enpresetan ekonomia zirkularrarekin bat datozen irizpideak ezarrita ote dauden ezagutzeko ikerketa burutu zuen. Ildo honetan, ekonomia eredu hau zer den eta enpresen lehiakortasuna eta ingurumeneko konpromisoa indartzeko zein aukera eskaintzen dituen ezagutarazteko beharra zegoela ondorioztatu zuen. Hori dela eta, Adunako Udalak ekonomia zirkularreko estrategiak lantzen hasi nahi duten enpresei eta eredu honek euren egitekoan zertan lagun diezaiekeen ulertu nahi duten eragile ekonomikoei zuzendutako bi prestakuntza saio antolatu ditu: apirilaren 1ean eta 5ean, 09:00etatik 11:30era bitartean.

Saioak online izango dira eta doakoak. Horretarako aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da, ondorengo helbidean: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSeWZxtAeLrf3vRNGO9x3K5av0GN0nHPE4eg7Am9mkHs_FY5ow/viewform

2021 urtean burututako ikerketaren emaitzak parte hartu zuten enpresei bidaliko dizkie udalak: enpresa bakoitzaren egoeraren txostena enpresa bakoitzari bidaliko dio eta emaitza horien azterketatik abiatuz eragile ekonomikoek euren enpresetako ekonomia zirkularreko estrategiak diseinatzeko urratsak eman ahalko dituzte.

Proiektu hau garatzeko Adunako Udalak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntza jaso du. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!