Adunatik Zubi Txiki industrialdera arteko bidea egokituko dute

Jon Miranda Labaien 2022ko mar. 24a, 11:59

Udalak 580.000 euro bideratuko ditu espaloia egin eta oinezko zein bizikletentzat bidea egokitzeko; Plan Orokor berriaren lanketari ekingo diote aurten

Adunako herrigunetik Zubi Txiki industrialdera bitarteko bidea egokituko du udalak 2022an, oinezko eta bizikletentzako espaloi mistoa eraikiko dute eta argiteria jarri. Aurtengo aurrekontuan jasotako inbertsio nagusia izango da eta 580.000 euro bideratuko dituzte lan horietara. Josu Amilibia alkateak azpimarratu du herritarrek egindako eskaerari erantzun nahi diotela lan hauekin. 2013an egin zuten Villabona eta Zizurkil aldera doan bidean obra eta bertatik jende asko ibiltzen dela dio alkateak. «Beste aldetik, Andoain aldera ere ibiltzen da jendea oinez, bide bazterretik eta segurtasunik gabe. Hori ekidin nahi genuke lan hauekin». Ez da udalak egokituko duen bide bakarra, landa bideak txukuntzeko 35.000 euro bideratuko ditu aurten.

Landa bide horietan ibiltzen dira askotan kamioiak, galduta. GPSarekin nahastuta herrigunera edo sagardotegietarako bidea hartzen dute eta ez aurrera eta ez atzera geratzen dira maiz. Hori ekiditeko kamioizaleentzat herriko hainbat puntutan seinaleak jarri ditu udalak eta 7.000 euro gastatu ditu.

Izan ere, Adunako Erriberan trafiko handia ibiltzen da, are gehiago, 2. fasea amaitu eta gero. Partzela guztiak erosita daude eta enpresak eraikitzen hasita daude. «Unipapelen lantegia zen horretan Elkarrek jarri du egoitza, eta lehenagotik, Irizar e-mobility enpresa ere kokatuta dago industriagunean. Garrantzitsua iruditzen zaigu gure herrira mota horretako enpresak erakartzea, industria garbiak eta modernoak, kutsatzen ez dutenak eta erreferentzialak izango direnak».

Ingurunearen errespetuarekiko «sentsibilitatea» du Adunako Udalak eta hainbat urrats eman ditu azkeneko urteetan norabide horretan. Besteak beste, iaz, ibilgailu elektrikoentzat kargagailu bat jarri zuen Uztartza atzealdean, eta aurten, herriko pilotalekuaren teilatuan plaka fotovoltaikoak jarriko ditu udal eraikinen autokontsumorako. «Lehenengo pausoa izango da hori, hemendik urte batzuetara komunitate energetikoak sortu eta herritarrak bertara atxikitzeko asmoa ere badugu». Energiaren aurrezpen eta kontsumo arduratsuarekin jarraituz, herriko argiteria led sistemara egokitzeko lanak amaitu asmo ditu udalak 2022an: «Industriagune guztietan argiteria efizientea jarrita dugu eta herrigunearen zati batean falta da egokitzapena egitea. Guztira 143 farol berri jarriko ditugu aurten eta 80.000 euro erabiliko ditugu lanak egiteko».

PLAN OROKOR BERRIA

Adunako Udaleko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra 2007. urtekoa da eta datozen urteetan berria onartu beharko du, besteak beste, araudia errebisatu eta lurzoruaren lege berrira egokitzeko. Hiruzpalau urte irauten dituen prozesua da eta herritarren parte hartzea bermatuko dute, etorkizuneko Aduna irudikatzeko. Urteotan aurrera eramango duten prozesua kudeatzeko enpresa bat kontratatuko du udalak eta 180.000 euro inguru erabiliko ditu horretarako.

Plan horretan zehaztuko dira, besteak beste, zein erabilera eman herriko lurrei, zein bideratu etxebizitzetara eta zein beste erabileretara. Hain zuzen, promotore pribatu batek sustatutako Kamioko etxebizitza proiektua aurki martxan egotea espero du alkateak: «Plan partziala aldatu egin behar izan zen eta aldundian onartzeko puntuan dago orain. Lehen fase batean 18 etxebizitza egingo dira eta jende asko gerturatu zaigu galdezka. Nahiz eta promotore pribatua izan, etxebizitza horietara sarbidean lehentasunak zehazteko plegu batzuk prestatuko ditu udalak. Uda baino lehen bilera bat egin nahi genuke interesa dutenekin horri buruz hitz egiteko». Sektore guztia urbanizatuko da 2022an eta hurrengo urterako etxebizitzak eraikitzen hastea espero du Amilibiak. Bigarren fase batean 24 etxebizitza berri egitea aurreikusten da. «Bigarren partzela hori erosiko dio udalak promotoreari eta behin gure eskutan dagoela, etxebizitza horiek noiz garatu erabakiko dugu; herriaren beharren araberako hazkunde jasangarria izatea ahalbidetuko liguke erosketak».

Asmo handiak ditu udalak 2022rako eta inbertsio horiei guztiei aurre egiteko motz geratu zaie otsailean onartutako 1.056.100 euroko aurrekontua. Inbertsio berriei erantzuteko 700.000 euroko kreditu aldaketa egin dute dagoeneko. «Gastua arruntetan ez dugu aldaketa handirik izango aurten. Industriagunerako kale garbiketa eta lorezaintza zerbitzua azpikontratatuko dugu eta urtean, pentsatzen dugu 25.000 euroko gastu izango dela hori».

Pandemiaren ondoren, normaltasunera itzuli eta abuztuko festak aurretik ospatzen ziren bezala antolatzea espero du alkateak. Ziurra dena da, bi urtez etenda egon ondoren, Gorostidi Harria txapelketa egingo dutela apirilaren 24an.

TXANTXANEKO DENDA-TABERNA ESLEITUKO DUTE

Txantxaneko denda-taberna kudeatzeko prozesua jarri du martxan Adunako Udalak. Plegua eta informazio guztia udaletxean eskuratu daitekeela dio alkateak. «Edozein pertsona edo enpresak aurkeztu ahalko du bere proposamena».

Amilibiak aurreratu duenez, urtebeteko iraupena izango du kontratuak eta bost urtera arte luzatzeko aukera egon daiteke. Alokairuaren oinarrizko prezioa hilean 200 eurokoa izango da, BEZa gabe. «Argia, ura eta alarmaren prezioa kopuru horretan sartuta egongo da».

Lokal barruan, barra eta denda egongo dira eta kanpoan dagoen terraza ere kudeatu beharko dute arduradunek. Terraza ireki bat dago denda-tabernaren atarian eta estalitako terraza bat ere bai. Herriko erretiratuek mahai horiek erreserbatu ahal izango dituztela nabarmendu du alkateak. «Inoiz ez dute horrelako txokorik izan eta haien artean terraza horren erabilera bultzatu nahi dugu».

Baldintza pleguak irakurri ondoren, proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte interesatuek eta horretarako azken eguna, apirilaren 22a izango da. «Esperientzia izan edo ez, probatzeko prest dagoen jendea animatu nahi dugu».

Bestalde, Txantxaneko haurren lokala pandemiagatik ez da erabilgarri egon azken hilabeteetan. Aurreko ostiraletik sarrera librea izango dute herriko umeek, beti ere giltza bezala funtzionatzen duen txartelarekin. Gurasoak dauzkaten txartelak baliagarriak izango dira haurren lokalera sartzeko. Udaletik jakinarazi dutenez, txartela behar duten gurasoek udaletik pasa beharko dute egunotan izena ematera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!