Tolosaldetik Saharara

Adunako Udalak herriko ibilgailua eskaini du sahararrei laguntzeko

Ataria 2021eko azaroaren 19a

Tolosaldea Sahararekin elkarteari eman dio, Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara egingo duten bidaian hara eraman eta han utzi dezaten.

Adunako Udalak herri lanetarako erabiltzen zuten ibilgailua Tolosaldea Sahararekin elkarteari eman dio, Sahararako errefuxiatuen kanpamentuetara eraman dezaten. Josu Amilibia Adunako alkateak kotxeko giltzak eman dizkio gaur eguerdian Gregorio Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideari. Amilibiak esan du plazer bat dela horrelako opari bat egitea: "Gure furgonetari bigarren bizitza bat eman nahi diogu, eta zer politagoa sahararrei laguntzeko bada". Adunan ia 20 urtez eduki dute ibilgailua herri lanetarako, eta sahararrek beste hainbeste urtez erabili dezatela esan du.

Izan ere, Tolosaldea Sahararekin elkarteak Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara bidaia egingo du abenduan, eta bidaia horretan, guztira 40 ibilgailutik gora eramango dituzte. "Duela bi urte bertan behera geratu zen Oporrak Bakean proiektua, ez ziren haurrak gure herrira etorri, beraz, guk joatea erabaki genuen". Aurten egingo dute bidaia hori, eta han beste ibilgailuen artean, bere lekua izango du Adunako ibilgailuak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!