Tokiko oroimen historikoa berreskuratzearen garrantziaz ohartarazi dute Adunan

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 13a, 15:00

Aranzadi zientzia elkarteko Ione Zuloagak 'Memoria historikoa gaur egundik: arbasoen esanei tiraka' izenburupean hitzaldia eskaini zuen ostiralean Adunan.

Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalek bultzatuta Saseta Defentsa Sistemaren inguruan antolatzen diren auzolandegien programazioaren barruan, hitzaldi bat eskaini zuen ostiralean Adunan Ione Zuloaga Aranzadi zientzia elkarteko kideak. Hain zuzen, elkarte horrek antolatzen ditu urtero aipatutako auzolandegiak eta bertako ikerlari den Leire Padilla billabonatarrak aurkeztu zuen Zuloaga jendaurrean.
 
Aranzadi zientzia elkarteak 1936-1960 (Oroimen Historikoari dagokionez) bitartean berreskuratzen diharduen tokiko historiaren ikerketaren inguruan hitz egin zuen Zuloagak. Horretarako, herrika burututako ikerketa ezberdinetan lortutako dokumentazio historikoa eta testigantzak plazaratu zituen hitzaldira gerturatutakoen aurrean. "Ikerketarako orduan, metodologia zientifikoa ardatz izanda, dokumentazio historikoa lortzerako orduan izandako zailtasunez hitz egin dut, baita emakumeen errepresioa ikertzeko oraindik ere ditugun zailtasunez ere", esan du Zuloagak.
 
1936-1960 bitartean herriz herri gertatutakoa berreskuratzea zeinen garrantzitsua den azpimarratu nahi izan zuen ostiraleko hitzaldian: "Aranzadi zientzia elkarteak herri bakoitzeko errealitate historikoa argitara eramanez, NBEren Giza Eskubideen goi komisioaren batzordeak ezarritako egia jakiteko eskubidea martxan jarri eta herri bakoitzeko udalek justizia eta erreparazio eskubideak martxan jartzea ahalbidetzen du".
 
Saseta Defentsa Sistemaren inguruan burutzen ari diren auzolandegien barruan gaur 18:00etan  Julien Blanco, Joanes Karrera eta Manex Arrastoak beste hitzaldi bat eskainiko dute Asteasuko udaletxeko aretoan. 2013. urtetik aurrera egindako esku hartzeak aipatu eta batik bat aurreko urtean egindako prospekzio eta zundaketa arkeologikoen nondik norakoak azalduko dituzte.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!