BABESTUTAKO EDUKIA

Sagardoa eta bertsoa uztartuta, Aburuzan

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 8a, 15:59

'Sagardoak Elkartzen Gaitu' ekimenaren lehen emanaldia Adunako Aburuza sagardotegian izango da bihar, 19:00etan.

Sagardoak Elkartzen Gaitu ekimenaren barruan, bertso jaialdia izango da bihar, Adunako Aburuza sagardotegian, 19:00etan hasita. Ane Zuazubiskar, Maialen Akizu, Ane Beloki eta Andoni Mujika ariko dira bertsotan, sagardotegiko terrazan, eta Bertsosarrerak.eus edota Sagardoa.eus atarietan erosi ahalko dira txartelak. Bi aukera izango dira, 15 eurokoa bata, sarrera, pintxoa eta sagardo tragoarekin, eta 39 eurokoa bestea, sarrera, pintxoa, sagardo tragoa eta afariarekin.

Sagardoak Elkartzen Gaitu ekimena Musika Bulegoak, Bertsozale Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak osatu dute elkarrekin. «Pasa en urtean aktibatzea izan zen ekimena martxan jartzeko arrazoi nagusia, bai sagardotegietako egoera bai eta zuzeneko emanaldietako egoera geldituta zegoela ikusita. Aurten, berriz, egoera hobetu bada ere, sagardotegietan nahiz sortzaile gazteak plazan kantuan edota bertsotan aritzeko zailtasun handiekin jarraitzen dugu, beraz, iazko harrera ona ikusita, ekimenari jarraipena ematea erabaki dugu», esan du Olatz Mitxelena ekimenaren antolaketa taldeko kideak.

Hiru elkarteen arteko elkarlan honen bigarren fruitua da, beraz, aurtengoa, eta aurrera begira sendotuko den ekimena izango dela uste dute. Sagardoak Elkartzen Gaitu egitarauaren barruan antolatutako ekitaldi guztiak 19:00etan izango dira, eta kanpoaldean egingo dira, sagardotegietako terraza eta sagastietan. Emanaldi guztietarako bi aukera izango dira, tragoa eta pintxoarekin edota afaria barne.

Egitarauaren lehenengo emanaldia Adunako Aburuzan izango da bihar. Uztailaren 16an Hernaniko Iparragirre Sagardotegian, Aner Euzkitze eta Ane Labaka ariko dira librean; uztailaren 17an, Zubietako Astiazaran Sagardotegian, Eneritz Furyaken kontzertua izango da; uztailaren 23an, Astigarragan Astarbe Sagardotegian, bertso jaialdia izango da Eli Pagola, Maider Garmendia, Iker Ormazabal eta Asier Azpirozen eskutik; uztailaren 24an, Irunen Ola Sagardotegian, Sara Azurzaren kontzertua izango da; eta abuztuaren 6an Astigarragako Petritegi sagardotegian Bi zaldiren kontzertua.

Kultura eta leku atsegin bat uztartu nahi dutela dio Mitxelenak: «Sagardotegiek beren espazioa eta produktuak jarriko dituzte jendeak dasta ditzan, eta artistek, berriz, euren talentua».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!