'Sagardoak elkartzen gaitu' ekimena Aburuzara iritsiko da ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 5a, 11:58

Uztailaren 9an, Adunako Aburuza sagardotegiko terrazan bertsotan ariko dira Ane Zuazubiskar, Maialen Akizu, Ane Beloki eta Andoni Mujika, 19:00etatik aurrera.

Sagardoak Elkartzen Gaitu ekimena Musika Bulegoak, Bertsozale Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak osatu dute elkarrekin. "Ikusirik azken urte honetan sortzaile gazteek plazan kantuan aritzeko zailtasun handiak izan dituztela ikusgarritasuna eman nahi izan zaie bertsolari eta musikari gazteei", esan dute ekimenaren bultzatzaileek.

Hiru elkarteen arteko elkarlan honen bigarren fruitua da aurtengoa, eta aurrera begira sendotuko den ekimena izango dela uste dute. Sagardoak Elkartzen Gaitu egitarauaren barruan antolatutako ekitaldi guztiak 19:00etan izango dira, eta kanpoaldean egingo dira, sagardotegietako terraza eta sagastietan (eguraldiak laguntzen badu).

Sarreren erreserba egiteko bi aukera eman dituzte: www.bertsosarrerak.eus edota www.sagardoa.eus webguneetan. Kontzertua edo bertso saiorako sarrera, sagardo tragoa eta pintxoa 15 euroan erosi ahal izango da eta lehenaz gainera afaltzen geratu nahi duenak, berriz, 39 euro ordaindu beharko ditu.

Egitarauaren lehenengo emanaldia, uztailaren 9an, Adunako Aburuza sagardotegiko terrazan izango da. Ane Zuazubiskar, Maialen Akizu, Ane Beloki eta Andoni Mujika ariko dira bertsotan, 19:00etatik aurrera.

Ondorengo ekitaldi hauek egingo dira eskualdetik kanpoko sagardotegietan:

  • Uztailak 16, 19:00. Iparragirre Sagardotegia. Iparragirre Sagardotegiko terrazan Aner Euzkitze eta Ane Labaka ariko dira librean.
  • Uztailak 17, 19:00. Astiazaran Sagardotegia. Astiazaran Sagardotegiko terrazan Eneritz Furyaken kontzertua izango dugu
  • Uztailak 23, 19:00. Astarbe Sagardotegia. Astarbe Sagardotegiko terrazan bertso jaialdia izango dugu Eli Pagola, Maider Garmendia, Iker Ormazabal eta Asier Azpirozen eskutik.
  • Uztailak 24, 19:00. Ola Sagardotegia. Ola Sagardotegiko terrazan Sara Azurzaren kontzertua izango dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!