Parke berria zabaldu dute Adunan

Ataria 2021eko ekainaren 10a

Azpiegitura berriaz gozatzeko aukera izango dute aurrerantzean adunarrek; atsedenerako guneaz gain, helduentzat kirola egiteko gailuak eta ur jokoak jarri dituzte, besteak beste.

Ur jokoak, atsedenlekurako mahaiak, nagusientzako ariketak egiteko gailuak, iturria, komun publiko berria eta berdegunea aurki daitezke Adunako Udalak gaur arratsaldean zabaldu duen parke berrian. Herritar ugari elkartu da, eremu berria ikusi eta jarri dituzten elementuez gozatzera.

Haurrak izan dira gehien gozatu dutenak. Taldeka ur jokoetan ibiltzeko aukera izan dute, eguraldia lagun. Egunero izango da ur jokoetan ibiltzeko aukera: 11:00etatik 20:00etara bitartean izango da martxan, eta Josu Amilibia Adunako alkateak azaldu duenez, sakagailua sakatuta lau minutu irauten dute ur txorrotek.

Parkearen kostua, 300.000 euro ingurukoa izan da eta bi diru laguntza jaso dituzte Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailetik: 146.000 euro Erein programatik eta 80.000 garapen jasangarrirako ekintzetatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!