Ingurumena zainduz, kafea biziberritzea helburu

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 17a, 19:59

Ekogras enpresak pabiloi berria ireki du Adunan, 'Kafea eco' proiekturako; kafe-kapsulak birziklatzen dituzte, horietatik produktu berriak sortuz.

Ekogras enpresak 30 urte daramatza etxeetako eta ostalaritza establezimenduetako landare-olio erabilia birziklatzen. Orain, berriz, kafe-kapsulak eta kafe-hondakinak birziklatzeko saiakerari ekin diote, Kafea eco izeneko proiektuaren bitartez. Horretarako, Adunako Bulandegi industrialdean ireki dute pabiloi berria. «Ohartu ginen kafe-kapsulak hondakindegira joaten zirela, haiei ez baitagokie edukiontzi horia. Beraz, horri erantzun bat eman behar genion, Kafea eco ez baita ekonomia zirkularreko marka jasangarri bat bakarrik», esan du Xabier Muro zuzendariak.

Ingurumen jasangarria bultzatzeko eta birziklapena sustatzeko helburuarekin lan egiten dute Ekograsen. «Orain arte, ez zegoen kafearen munduak sortutako hondakinentzako benetako irtenbiderik. Hori dela eta, aitzindariak gara kafe-kapsulen eta kafe-hondarren %100 birziklatzen. Proiektu honi esker, bigarren bizitza bat ematen diogu kafeari, zehazki, 43 milioi kapsulei eta 80 mila kilo kafe-hondarrei», azaldu du zuzendariak.

Munduan gehien kontsumitzen den produktuetako bat da kafea, eta urtetik urtera geroz eta kafe-kapsula gehiago ekoizten dira. Urtero, 161 milioi kafe-zaku eta eta 20.000 milioi kafe-kapsula kontsumitzen dira munduan; espainiar estatuan, 4.000 milioi kapsula kontsumitzen dira urtean. «Horiek, ondoren, zaborrontzira botatzen dira. Gure erronka, ordea, kafetik eratorritako hondakinen %100ari beste aukera bat ematea da. Produktu ekologiko bilakatzen ditugu, naturak arnasa har dezan. Azken finean, munduan ekoizten diren kafe-kapsulen hondakinei irtenbidea emateko modu bat da».

Hondarrak, substratuentzat

Prozesu luze bat izaten du atzetik kafe-kapsulak birziklatzeko lanak. Lehenik, sektore profesionaleko kapsulak nahiz etxekoak biltzen dituzte. Ondoren, kapsulak eta hondarrak bereizten dituzte, Adunako pabiloian. Gero, hezetasunaren ehuneko bat kentzen dute, kapsulak errazago txikitzeko. Behin lehortze-prozesua amaitutakoan, kapsulak txikitu eta hondarrak bahetzen dituzte. Azkenik, bi produktu lortzen dituzte: kapsulen plastikoarekin eta aluminioarekin osatutako material berri bat eta substratua izateko prestatutako kafe-hondarra.

Kafe-hondarrak eta kafe-kapsulak birziklatuz, horietatik eratorritako askotariko produktu ekologikoak sortzen dituzte Kafea eco proiektuaren barruan. Hondarrekin, besteak beste, hainbat landarerentzako substratua ekoizten dute, hala nola, menda, perrexila, cherry tomatea, padrongo piperra eta perretxikoak (belarri landuak edota kardu-zizak). Horientzako loreontzia, berriz, kafe-kapsulen plastikoa erabiliz sortzen dute. «Laborantza kita etxean edukitzea pribilegio bat da, baina, horrez gain, harro sentitzen zara landarea produktu birziklatu bati esker hazten dela jakinda. Erraza bezain dibertigarria da», nabarmendu du Murok. Loreontziak, ordea, ez dira kafe-kapsulekin sortzen diren produktu bakarrak. Kapsula horien plastikoa eta aluminioa nahastuz, kapsulak gordetzeko potoak, edukiera ezberdinetako edukiontziak (35, 90 eta 120 litrotakoak) edota terrazetarako berogailuak ekoizten dituzte.

Duela gutxi, adibidez, hasiera eman zioten proiektu pilotu bati Donostiako bi auzotan eta Euskovazza sareko enpresetan. «Harrera oso ona izan zuen. Bi hilabetetan bakarrik, 2.625 kilo kapsula bildu genituen, 375 kilo material birziklatu sortu genituen, eta material horrekin, erabilitako kapsulentzako 1.250 poto egin genituen», azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!