Adunako liburutegiko funtsa berrantolatu du Ereiten elkarteak

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 14a, 07:57

Adunako liburutegi berrira materiala lekualdatu eta antolaketan lagundu ondoren, bere esku-hartzea amaitu du Ereiten elkarteak.

2019ko neguan Adunako Udalak liburutegi berria inauguratu zuen. Ereiten elkarteak funtsaren zati handi bat berrantolatu eta eraikin berrira mugitu du eta bere gain hartu du hori moldatzeak suposatzen dituen askotariko lanak.

Liburutegi zaharrean zegoen funtsaren xahuketa bat egin eta helduen erreferentziazko liburuentzat antolamendu berri bat sortu du Ereitenek.  Kontuan izanik Adunakoa herri-liburutegi txiki bat dela, betiko SHU ereduaz haratago joan eta liburuen antolamendua sinpleagoa egin nahi izan dute. Honela, ezagutza hiru bloke handitan banatu dute bere azpi atal guztiekin: Ingurumena, Gure mundua eta Euskal Herria. "Adunaren ezaugarrietara ondo doitu eta guztiontzako errazagoa eta ulergarriagoa suertatuko dela espero dugu", esan dute Ereiteko arduradunek.

Haur liburutegia ere goitik behera berrantolatzen aritu dira. Beharrezko xahuketak egin ostean, fikziozko haur funts osoa adinka eta bildumaka antolatu dute, ez-fikziozko funtsa txukundu eta hauen txaplatak SHU-a jarraituz uniformatu dituzte eta haur komikiei, haur poesiazko liburuei eta beste hizkuntzetan dauden liburuei beraien txokoa egin diete haur liburutegian bertan.

Bestalde, udalak hala eskatuta, txoko bereziak sortu eta lehenetsi dituzte liburutegian. Hala nola, Txoko Morea  eta Memoria Historikoaren txokoa deitu dituztenak. Lehenengoan eduki feministak biltzen dituzten gai liburuak bildu dituzte. Bigarrenean Euskal Herriko fase historiko ezberdinei  eta giza eskubideei buruz hausnartzen dutenak.

Azkenik, tokiko bilduma bat ere sortu dute herriko sortzaileen lanak eta Aduna eta Aiztondo bailarari buruzko lan ezberdinak elkarrekin bilduta egon eta liburutegian beraien kokaleku berezi eta bereizgarria izan dezaten.

Funtsa birkokatzearen prozesu honek jarraitu egingo duela jakinarazi dute Ereiten elkarteko kideek: "Zaharkitutako funtsa alboratu, berria sartu, kokalekuak fisikoki zein digitalki aldatu eta abar. Bizirik dirauen bitartean, horrelakoa da liburutegi bateko martxa". Ereiten elkarteak, honenbestez, udaberria etortzearekin batera, bere esku-hartzea bukatu du Adunako liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!