Bultza Euskaltegiak! Bultza Euskara!

Korrikaren bukaerako ekitaldia egingo dute igandean Adunan

Ataria 2021eko martxoaren 24a

Oinetakoekin egin nahi dute herrian zehar ibilaldia eta eramandako oinetakoak etorkinei laguntzen aritzen diren harrera taldeei emango zaizkie. Arkaitz Zabala, Markel Aburuza eta Ugaitz Tejeriak bertso bidez gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak igandeko ekitaldira.

Adunako Korrika batzordeak ekimena antolatu du martxoaren 28rako, iganderako, Korrikaren amaiera aurreikusita zegoen egunerako, Euskal Herriko beste hainbat herritan egingo duten bezala. 
 
Korrikaren ibilbidea osatzeko asmoa dute adunarrek, herritarrek ekarriko dituzten oinetakoekin.
Horretarako, izen-emateak ireki dituzte martxoaren 25era arte, liburutegian. Herritarrek ordua hartuko dute, igandean oinetakoak jartzera noiz joan beharko duten jakiteko, horretarako izendatuko zaien tokian. 
 
Korrika batzordearen asmoa da eramandako oinetakoak etorkinei laguntzen aritzen diren harrera taldeei ematea, herritarrek nahi izanez gero behintzat.
 
Egitarau hau prestatu dute iganderako:
11:25. Lekukoaren iritsiera.
11:30-13:00. Oinetakoak jartzea ibilbidean zehar.
13:00. Amaiera ekitaldia eta adierazpen bateratuaren irakurketa.
* Bestalde, Adunako eskolak Korrika Txikia egingo du martxoaren 26an, ostiralean, burbuiletan banatuta. 
 
Ekitaldia bideoz grabatuta geratuko da Adunako Korrikaren historian gordeta geratzeko. Adunako Korrika batzordean Adunako hainbat eragilek eta herritarrek bat egin dute: Basopeta guraso elkartea, ezker abertzalea, Muxkil elkartea, Adunako Udala... Eta bat egin du, baita ere, Harituz bertsozale elkarteak. Hain zuzen, bertsogintza ikasten ari diren hiru haur adunarrek (Arkaitz Zabala, Markel Aburuza eta Ugaitz Tejeria) bertso bidez gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak, igandeko ekimenean parte hartzera.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!