Koronabirusa

Herria eremu gorrian dagoen bitartean kontuan hartu beharrekoak

Ataria 2021eko otsailaren 5a

Adunako herria "egoera berezian" egongo da datozen 10 egunetan. 

Brigadako bi langileak konfinatuta daude eta ondorioz, herriko lanak egiteko behin behineko irtenbide bat aurkitu du Adunako Udalak: Zizurkilgo herri langileek lagunduko diete hurrengo astean zehar.

Astelehenean, beti bezala, errefusaren bilketa egingo dutela jakinarazi dute baina herritar guztiei eskatu diete, ahal den neurrian, otsailaren 15era arte errefusik ez ateratzeko. Norbaitek astelehenean atera eta ikusten badu ez zaiola jasotzen, udaletxera deitzeko eskatuko dute, asteazkenean zaborra biltzera pasa daitezen. Bestalde, egun hauetan txabolak beti bezala erabili ahalko direla adierazi dute, pardelak, konpresak, baserrietako errefusa eta abarrak uzteko.

Correos-eko posta, bi egunean behin banatuko da, astelehen, asteazken eta ostiralean. Aldi berean, Uztartzako jangela zerbitzuak zabalik jarraituko du eskolako umeentzat, nahiz eta jatetxe-taberna itxita egon.

Udalak jakinarazi du presazkoak diren lanak bakarrik egingo direla egun hauetan, eta espero duela otsailaren 15erako berriro normaltasunera itzultzea. Kezka edo arazoren bat duten herritarrei udal bulegoarekin harremanetan jartzeko deia luzatu diete, "ahalik eta azkarren erantzun egoki bat aurkitzeko".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!