Elkar Fundazioak Adunan kokatuko du bere egoitza nagusia 2021ean zehar. Unipapel enpresa zena erosi du eta aurki hasiko dira pabiloia egokitzeko lanekin. Udaratik aurrera bertan kokatzeko asmoa du taldeak. "Eta espero dugu urte beteko epean izatea egoitza bere osotasunean martxan, Elkar-ek dituen lan eremu guztiak bertan kokatuta". Hau da, egoitza nagusiaren barruan zerbitzu zentral guztiak izango dira Adunan, logistika eta biltegia barnebiltzen dituen banaketa saila eta baita argitaletxearen zerbitzu guztiak ere. "Inoiz baino gehiago, euskararekin, euskal kulturarekin eta Euskal Herriarekin duen konpromisoari eusteko beharra du Elkar-ek garai zail hauetan".
Izan ere, egoitza nagusia Usurbilgo Michelin enpresarenak ziren lurretan ziren kokatzekoak, baina COVID-19ak sortutako pandemiak proiektua gelditzera eraman ditu eta "inbertsio txikiagoa behar duen beste planteamendu bat egitera". 2017tik aritu dira egungo beharrei erantzungo dien egoitza baten bila, "hartu dituen eginkizun eta lanei behar bezala erantzun ahal izateko", baina 2020ko martxoan erabaki hori birplanteatu behar izan zuen. "Ez da Elkar-en gustuko erabakia izan, ez horixe, taldeak ikusten baitzuen Usurbilen zuela bere beharretara propio egokituta egoitza eraikitzeko aukera. Baina une honetako egoerak enpresa behartzen du baliabideak neurriz erabiltzera, ziurtatu behar baitu hurrengo urteetan bere jarduerak jarraituko duela eta lanpostuei eusteko gaitasuna izango duela".
Jaka anaiak
Elkarrek gogoratu du 50 urtetik gora direla Jaka anaiak etxez etxe liburu saltzeari ekin ziotenetik. "Hantxe dugu gaur egungo Elkar Fundazioa denaren sorburua. Etxez etxeko salmentatik abiatuta, Baionan sortutako Elkar (Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria) argitaletxea etorri zen ondoren, eta liburu-dendak eta banaketa martxan jarri ziren atzetik. Urrats haietatik joan da eratzen elkar, zeina Euskal kulturako kultur eragile esanguratsuenetakoa den gaur egun, beti ere liburuaren eta musikaren eremuan kokatuta". "Testuinguru horretan, eta liburugintzak bizi duen aldaketa azkar eta etengabeko garaiotan, Espainiako estatuko liburu banatzaile independente nagusietako izateko apustua egin du azken urteetan, horrek ziurtatuko duelakoan Euskal Herriko egiturei eta lanpostuei eustea. Euskal Herrian ez ezik, Espainiako estatu osoan banaketa egiteko moduko azpiegitura eratu du elkar taldeak", gaineratu du.