Aisialdirako parke berria eraikitzen hasi dira Adunan

Jon Miranda Labaien 2021ko urt. 19a, 18:55

Proiektuak 240.000 euroko balioa du, eta erdia Erein programak jarriko du; 2021eko aurrekontuan jasotako inbertsioetako bat da

Adunako Udalak abenduaren 30ean egindako osoko bilkuran behin behineko onarpena eman zion 2021eko aurrekontuari. 1.181.500 euro baliatuko ditu udalak ohiko gastuak estaltzeko eta inbertsio berriak egiteko. Josu Amilibia alkateak aurreko urteetan bezala, pertsonengan inbertitzen jarraituko dutela adierazi du: «Azpiegituretan baino kezka handiagoa dugu herritarren ongizatean. Bereziki garaiotan, adunarren aisialdirako aukera bermatu nahi dugu, badakigulako horrek herritarren ongizatean eta osasunean positiboki eragiten duela».

Norabide horretan, Uztartza atzealdeko belazean parkea eraikitzea izango da aurtengo inbertsio nagusia. Belardia, gimnasia egiteko gailuak, mahaiak, komun publikoak eta ur jokoak jarriko dituzte Gaintza baserri ondoko gunean. «Azken urteetan Adunako herrigunea asko urbanizatu da. Plazak egokitu dira, kirol pista egin da, espaloiak eraiki dira Villabonara, sagardotegietara edota hilerrira joateko. Ingurubide bat osatu da autoentzat eta oinezkoak segurtasunez eta eroso ibili daitezke herrian. Baina gure gogoeta izan da, hemen herrigunean, jendeak patxadaz egoteko eremu berde bat behar duela, udan eguzkia hartzeko, liburu bat lasai irakurtzeko edota ostatutik ogitartekoak hartu eta bertan jateko. Udan freskatu daitezen umeek ere izango dituzte ur- txorrotak parkean», esan du Amilibiak.

Orotara, 240.000 euroko inbertsioa egingo du udalak parkea eraikitzen eta erdia Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du Erein programaren bitartez. Lanak hasita daude dagoeneko, eta uda hasi aurretik parkea prest egotea aurreikusten du alkateak.



Adunako Udalak badu ingurumenarekiko konpromisoa, eta ahalegin horretan sakontzeko, ibilgailu elektrikoentzako kargagailuak jarriko dituzte Uztartzaren aparkaleku berrituan. Bi plaza izango dira eta dezenteko potentzia izango dute Amilibiak azpimarratu dutenez: «N1 errepidearen ondoan geratzen da gure herria eta zerbitzu horrek lagundu diezaguke Aduna elektro-mugikortasunaren mapan kokatzen».

Ingurumenaren inguruko lanketarekin jarraitzeko, eraikin publikoetako teilatuetan eguzki plakak jartzeko prozesua abiatuko du aurten udalak. Horrela nabarmendu du alkateak: «Goiener eta Nafarkoop-ekin ari gara gaia lantzen eta gure konpromisoa da energia berriztagarria sortzea. Guk sarera egiten dugun ekarpena berriztagarria izatea da helburua. Etorkizunera begira ea herritarrek ere jarraitzen duten orain udalak hartuko duen norabidea».

Aurten hasiko dira, Kamio deitzen dioten eremuan etxebizitza promozioarekin. Bi partzelatan banatuta dago eremua, batean 18 etxebizitza aurreikusten dira eta bestean 24. «Promotoreak aurten hasiko dira 18 etxebizitzako partzelaren garapenarekin. Udalaren asmoa da beste partzela eskuratzea eta aurten aurrerabidea ematea kontu honi. Hasi gara hitzarmena lantzen. Modu horretara, 24 etxebizitza egiteko kontrola herriaren esku geratuko litzateke. Estrategikoa iruditzen zaigu eremu hori geureganatzea, ez baitugu herria desnaturalizatzea nahi; herri txikiaren xarma hori mantendu nahi dugu. Aurrerantzean, herritarren beharren arabera eraiki nahi ditugu etxebizitzak», dio alkateak.

Bide batez, aurten abiatuko du udalak arau subsidiarioen berrikuspena. 2007koak dira azkenekoak eta araudi berrira egokitzeko lana egingo dute. Bizpahiru urte iraungo duen prozesua izango da eta aholkularitzak eta egingo diren parte hartze prozesuak finantzatzeko dirua gorde dute aurtengo aurrekontuan.

Horrekin batera, inbertsio txikiagoak egingo dituzte 2021. urtean zehar. Besteak beste, Txantxane ondoko parkeko lurra aldatuko dute, udal brigadarentzat atoi berria erosi dute eta elizako kanpandorreko erlojuan egokitzapenak egingo dituzte.

GAKOAK

Parkea. Herriaren sarreran eraikiko den parkean, komun publikoak, mahaiak, gimnasia egiteko gailuak eta ur jolasak jarriko dira eta belardia egokituko da. 240.000 euroko inbertsioa egingo du udalak eta %50a Erein programaren bitartez finantzatuko da.

Kargagailuak. Ibilgailu elektrikoentzat bi kargagailu jarriko dira Uztartzako aparkaleku berrituan. Elektro-mugikortasunaren esparruan aitzindari izan nahi du Adunak. 20.000 euroko inguruko inbertsioa egingo du.

Kamio eremua. Udalak eremu horretako bi partzeletako bat eskuratzeko bidea zabalduko du aurten. Lur sail horretan 24 etxebizitza egiteko aukera kontrolatu nahi du udalak, eremua erosita.

Arau subsidiarioak. Arauak berritzeko prozesua abiatuko dute aurten. 50.000 euroko partida zabaldu du udalak lan horietarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!