Itzulipurdika

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 20a, 16:59
Zirkuola Lantegian, ikastaro batean. I.G.L.

Zirkuaren lilura ez dago hain urruti: hiru artistek Adunan jarri dute martxan Zirkuola Lantegia, adin guztietarako. Erantzun «oso positiboa» jaso dutela diote, horrelako gune baten beharra zegoela erakutsiz.

Zirkua zer den definitzea ez da hain erraza. Artea, ikuskizuna, bizimodua, arriskua... esanahi asko sartu daitezke hitz horrek sortzen duen espazio zabalean. Zirkuola Lantegia martxan jarri duten hiru artistek garbi dutena da zirkuak harrapatu egin dituela eta beren pasioa besteengana zabaldu nahi dutela. Aurten jarri dute martxan proiektua Irati Gonzalez Jaimerenak, Koldo Arakistain Irazustak eta Garazi Pascual Esnaolak, eta begirada urrutira joaten zaie egitasmoaren etorkizunaz hitz egitean.

Beste proiektu batetik eratorria da Zirkuola Lantegia, baina bere nortasunarekin jaio da. Adunako Zubitxiki industriagunean egon da zabalik Asvinenea 18 urtez, arte eszenikoen topagune izanik, eta kalearen bestaldeko pabiloian hartu du forma egitasmo berriak. «Asvinenean pasa ditugu azken hiru urteak, bertan entrenatzen, espazioa kudeatzen eta ikastaroak ematen», esan du Gonzalezek. «Ondo eraman dugu, gustura egon gara, eta Asvinenea sortu zenean izandako helburuak lasai asko bete dira». Bertako jabeak ez zuen interesik alokairuarekin jarraitzeko, eta hor ikusi zuten hiru ekintzaileek beste pauso bat emateko abagunea sortu zitzaiela: «Gureagoa izango zen proiektu bat sortzeko aukera ikusi genuen, zirkua arte eszenikoen ardatz izateko, eta gure modura kudeatu eta egiteko».

Goitik hasita, Irati Gonzalez, Garazi Pascual eta Koldo Arakistain. I.G.L. 

Bakoitzak bere bidea egin du elkar topatu diren arte. Garazi Pascualek eta Koldo Arakistainek zirkuko ikasketak egin dituzte. Pascualek Parisen zirkuko lizentziatura atera zuen, lehenengo promoziokoa izanik. «Zirkuko artista profesionala naiz, autore moduan, eta irakasle moduan», esan du, eta bere espezialitatea kable gaineko dantzaria izatea da. Dantza afrikarretan ere egin du ibilbidea. Arakistain malabareak egiten hasi zen talde batean, eta gero Bartzelonara joatea erabaki zuen, ikasketak egiteko. «Han akrobaziaren bidea zabaldu zitzaidan, objektu batekin lana egiteaz aparte nire gorputzarekin egitearena», azaldu du. Herbehereetan ere ikasi du, eta bere espezialitatea binakako akrobazia da, lurrean zein airean.

Irati Gonzalez kirolaren bidez iritsi da zirkura. Hamasei urtera arte gimnastika artistikoa egin zuen, eta ondoren SHEE eta kirol magisteritza egin zituen. Dantza munduan ere aritu da ikasten, eta duela lau bat urte aireko oihalak egiten hasi zen. «Horrek fisikoki ematen zidanaz gain, barrutik ere betetzen zidala ikusi nuen. Hor ikusi nuen zirkua ere bazela nire lekua». Lurreko akrobazia bikoitza, aireko trapezio bikoitza eta oihalak dira bere espezialitateak.

Transformatzeko eta adierazteko ahalmena

Zirkuak «sekulako balio transformatzailea» duela nabarmendu du Arakistainek: «Ikuskizun bat ikusten ari den pertsona baten iruditegi bat abordatzetik hasi, eta zuk benetan nahi dituzun edukiak transmititzeko balioa duen era txundigarri bateraino. Gero, ikusten duzu klaseetan izugarrizko balio pedagogikoa duela: gizabanako bezala norberaren identitatearen eraikuntzan oso onuragarriak diren gauza pila bat lantzeko erreminta da».

Gonzalezek bere burua jartzen du adibide moduan zirkuak sortzen duen barne eraldaketan: «Adierazteko modu indartsuena da niretzako, eta niri pertsonalki hainbeste betetzen nauen zerbait da ez dudala behar besterik. Niretzat hain da gauza onuragarria, beharra dudala egiteko». Artea eta kultura den ikuspuntutik, denak balio duela eta dena ondo dagoela gaineratu du. «Kirolaren mundutik nator eta hor ondo eta gaizki kategoriak daude, puntuazio bat dago. Artean askoz ere aukera gehiago duzu nahi duzuna egiteko, eta horrek balio bat izan dezake besteentzat».

Zirkuak komunikatzeko duen ahalmena adierazi du Pascualek: «Beste hizkuntza bat da, gorputzarekin hitz egiten dena. Zuk zer eman nahi duzun mundura, eta bidea zirkua da». Norberarekin oso lotuta dagoela gaineratu du: «Zeure buruari begiratzea beste erremediorik ez duzu, bestela mina hartuko duzu. Lanketa hori sekulakoa da». Aniztasuna ere azpimarratu du: «Zirkuan sartu dezakezu nahi duzun guztia. Zirkuko artista dantzaria da, eta aktorea, malabarista, akrobata,... eta arotza ere bai. Oso irekia eta anitza da. Zirkuan ere badago oraindik eta zailagoa egitearena; dena egin ahal da, ez dago ezinezkorik, eta beraz, hor dago askatasun hori eta baita arriskua ere».

Proiektuaren izen osoak duen esanahiaren garrantzia nabarmendu dute: Zirkuola elkartea, zirkua eta arte eszenikoak euskaraz sustatzen dituen lantegia. «Garrantzia ematen zaio hizkuntzari eta zirkuan egiten denari, emozioak sortzeari. Lantegi izenarekin profesionaltasun izaera dago, zirkua ere badela ogibide bat. Hori guztia lotzen dugu esaldi horretan».

Egitasmoak eskaintzen duena lau adarretan banatzen dute: eskola, entrenamendu espazioa, konpainiek sorkuntza egonaldiak egiteko aukera, eta ikuskizuna. Oraingoz martxan jarri dena eskola bera da, eta hainbat ikastaro ematen dituzte, bost urtetik hasita, haur zein helduei: lurreko eta aireko akrobaziak, oreka, trapezioa, oihalak, ohe elastikoa... Ikasle ugari dituzte, eta kontuan izan behar da Gipuzkoan leku bakarra dela zirkua profesionalki egin ahal dena. «Erantzun oso positiboa izan dugu, horrelako gune baten beharra zegoela erakutsiz», diote. Itzulipurdiak egiten ikasi edo oihaletatik zintzilikatu nahi duenak badu aukera: 611 627 782 zenbakian, zirkuola@gmail.com helbidean edo Facebook-eko orrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!