Zirkuola hasteko prest

Ataria 2020ko irailaren 2a

Zirkua eta arte eszenikoak euskaraz sustatzen dituen Zirkuola lantegia prestaketetan ari da urrian ikasturteari hasiera emateko; berritasunak eta adin guztiei zuzendutako eskaintza dutela diote

Uztailean egin zuten Asvinenearen agur festa, baina, proiektua ez zen hor geratu, kokapena eta izena aldatuta, lanean ari baitira berriro, ikasturte berrirako eskaintza prestatzen.

Zirkuola jarri diote izena zirkua eta arte eszenikoak euskaraz sustatzen dituen lantegiari, eta kokapenari dagokionez, Asvinenea zenaren parean dago egoitza berria. Bada, lokal berriaren egokitzapen lanak bukatu ostean, urrian hasi asmo dute euren eskaintzarekin. «Zirkuak eta kulturak inoiz baino gehiago behar gaituen une honetan», berrikuntza ugarirekin datozela iragarri dute antolatzaileek.

Batetik, zirku eskolaren barruan, haur, gazte eta helduei zuzendutako zirku ikastaro jarraia izango da, urritik maiatzera bitarte. Aldizkako formakuntza zehatzak ere eskainiko dituzte, hasiberri, amateur edota profesionalentzako. Kasu honetan, zirkua, dantza, antzerkia eta arte eszenikoekin lotutako formakuntza egun bakarrekoa, asteburukoa edota epe jakin batekoa izan daiteke. Zirku eskolaren barruan, zirkua familian aukera ere jarri dute herritarren eskura. «Familiako kideek elkarrekin eta familia ezberdinekin bi orduko zirku saio bat elkarbanatzean datza, eta hilean behin larunbat goizetan eskainiko dira».

Bestalde, zirku eskolaz gain, entrenamendu espazioa ere jarriko dute eskura. «Artista, amateur, profesional edota zirkuaren praktika gustuko dutenek lan egiteko, entrenatzeko zein entsegurako egokitutako espazioa izango da».

Internet bidez eman ahalko da izena formakuntza edo ikastaro desberdinetan, eta zalantzetarako, 611 627 782 zenbakira deitu ahalko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!