Uztartza eta liburutegia itxiko dituzte, Adunan

Tolosaldeko Ataria 2020ko abu. 11a, 12:00

Adunak Udalak jakitera eman du Uztartza jatetxea abuztuaren 16ko arratsaldetik eta liburutegia hilaren 17tik aurrera itxita egongo direla.

Adunako Udalak herritarrei jakitera eman die Uztartza jatetxea eta liburutegia itxita egongo direla. Urtero bezala, Uztartzaren kasuan, itxita egongo da abuztuko bigarren hamabostaldian oporrengatik. Abuztuaren 16an, igandean, irekita egongo da goizez, baina itxi egingo dute arratsaldean. Abuztuaren 31n, astelehenean, berriz ere zabalik izango da.

Liburutegiaren kasuan, berriz, abuztuaren 17an itxiko ditu ateak eta irailaren 6a bitarte ez ditu zabalduko. Irailaren 7tik aurrera, 15:30etik 19:00etarako ordutegian egongo da zabalik.

Itxaropen mezua

Adunaren kasuan koronabirusak eragin txikia izan du, eta udalari horrela jarraitzea gustatuko litzaioke:"Orain arte bezala herritar guztiei dei egiten diegu segurtasun neurriak mantendu ditzaten", azaldu dute, eta gaineratu, "denon ardura da eta beti bezala, Adunako herriak eta udalak osasunarekin dugun konpromisoa berretsiko dugunaren ziurtasun osoa daukagu".

Adunan ere ez dituzte Ama Birjin jaiak ospatuko, baina udaletik jairik gabeko egun horiek "ondo pasatzea" nahi dute. "Denon artean lortuko dugu, eta ikasturte berriari aurre egingo diogu. Eutsi Aduna!" mezua zabaldu die udalak herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!