"Asvinenea uztearen pena ilusio bilakatzeko asmoa daukagu"

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 18a, 19:58

Irati Gonzalez gonbidatuei ongietorria ematen egon da Asvineneako Agur festaren lehen uneetan. Eguerdira arte gune zaharra agurtu dute. Arratsaldea, berriarekin lanean jarraitzeko aprobetxatu dute.

Tristura eta poza sentitzeko moduan zaudete.

Sentimendu kontrajarriak. Agur festan gaude eta Asvinenean azken 17-18 urte hauetan pasa den pertsona guztien lana atzematen da. Xarma berezi hori dauka. Alde horretatik pena sentitzen duzu. Bestalde, hau ez da hemen geratzen. Aurrera goaz, eta pena hori ilusio bilakatzeko asmoa daukagu.

Penari dagokionez, ibilbide laburra izango du, pareko pabiloira zoazte eta.

Hemengo (Asvineneako) jabeak saldu egin nahi zuela esan zigunean, zer egin behar genuen pentsatu genuen. Dena utzi edo aurrera jarraitu. Azken bide hori hartu genuen. Haurrei eta helduei klaseak ematen dizkiegu, proiektuak aurrera ateratzen dira... horrekin segi nahi genuen. Horretarako argi ikusten genuen espazio baten beharra. Erdigunerago mugitzea pentsatu genuen, garraio ikuspegitik egokiagoa zen leku batetara. Adunarekin, ordea, oso harreman ona daukagu. Bai udalarekin eta bai herritarrekin oso gustura egon gara. Horrela, industriagune honetan bertan, pabiloi bat aurkitu genuen alokairuan, Asvinenearen parean, eta hor jarraitzea erabaki dugu.

Nola doa egokitzapena eta nolakoa da espazioa?

Azalera bikoitza izango du. Alde horretatik gustura gaude. Orain lan guztia geratzen da egiteko. Pixkanaka ari gara. Zaila egiten ari zaigu aldaketa, baldintza teknikoak oso handiak direlako. Zirkuari begirako egokitzapenekin hasi nahi dugu, eta esan bezala hor eskakizun tekniko horiek sartzen dira: altuera, segurtasun neurriak, materiala bera...

Izen bera izango al du lokal berriak?

Ez. Horri buruz ere hitz egin dugu, eta zirkuari indarra ematea erabaki dugu. Horregatik, Zirkuola Elkartea jarri diogu izena. Horrek ez du esan nahi zirkuarentzat bideratutako gune bat bakarrik izango denik. Hasieran horri eman nahi diogu egurra, baina beste arte eszenikoak ere pixkanaka sartzen joateko asmoa dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!