Bertsoa, musika eta sagardoa uztartuta atera daitekeena

Irati Saizar Artola 2020ko uzt. 9a, 19:57

'Sagardoak elkartzen gaitu' ekimenaren baitan, bertso afaria antolatu dute uztailaren 15ean Aburuza sagardotegian; aurrez erreserba egin beharko da.

Bertsoa, musika eta sagardoa lotzen dituen egitarau bat aurkeztu dute Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak, Musika Bulegoaren laguntzarekin. Sagardoak elkartzen gaitu jarri diote izena ekimenari, eta izenak dioen moduan, sagardoaren bueltan, sagardotegietan, bertso afari zein afari musikatuak antolatu dituzte uztaila eta abuztuan zehar. Eskualdean ere egingo du parada ekimenak: uztailaren 15ean, 20:30ean, bertso afaria antolatu dute Adunako Aburuza sagardotegian, Unai Mendizabal eta Eli Pagola bertsolariekin eta Aitor Mendiluze gai jartzailearekin. Gainerako hitzorduak, Astarbe, Petritegi, Saizar eta Ola sagardotegietan izango dira.

Ekimeneko otorduetan parte hartzeko, Internet bidez egin beharko dira erreserbak, aurrez, www.bertsosarrerak.eus edota www.sagardoa.eus webguneetan.

Itxialdiak bete-betean harrapatu du sagardo denboraldia, eta itxi egin behar izan dituzte sagardotegi guztiak. Orain ordea, irekitzeko aukera duten honetan, aprobetxatu egin nahi dute, eta hori horrela, uztailean eta abuztuan «sagardo mundua eta euskal sortzaileen ekimenak aktibatzeko» ahalegina egin nahi dute antolatzaileek. Horretarako, sagardotegiak agertoki «apartak» direla uste dute, nola sagardotegien barrualdeak hala terrazak.

Uda sasoian, Euskal Herriko sagardotegien %61ak egin du ateak irekitzeko hautua. Menu bereziak prestatu dituzte askok, eta sagardoa botilan eskaintzen ari dira gehienetan, baina badira txotxetik eskaintzen ari direnak ere. Momentu honetan, upeltegia zabalik duten sagardogileek mahaika, txandaka, egiten dutela txotxa azaldu dute. Hori guztia, protokolo zehatz bat jarraituz ari dira aurrera eramaten, «osasunaren mesedetan». 

EGITARAUA

Uztailak 15

Aburuza (Aduna). 20:30ean, bertso afaria. Unai Mendizabal eta Eli Pagola bertsotan, eta Aitor Mendizule gai jartzaile. Prezioa: 42 euro.

Uztailak 24

Astarbe (Astigarraga). 18:30ean, bertso jaialdia eta afari-merienda: Maialen Lujanbio eta Agin Laburu. Prezioa: 25 euro.

Uztailak 27

Petritegi (Astigarraga). 20:30ean, bertso kata eta afari musikatua. Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Imanol Kamio. Prezioa: 40 euro.

Abuztuak 7

Saizar (Usurbil). 20:30ean, musika jaialdia eta afaria. Prezioa: 40 euro.

Abuztuak 29

Ola (Irun). 20:30ean, bertso afaria. Angel Mari Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Andoni Egaña bertsotan. Prezioa: 40 euro.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!