San Joan surik ez dute egingo Adunan

Ataria 2020ko ekainaren 20a

Argazkia: Aiurri

Alarma egoeraren ondoren eta normaltasun berrian bete behar diren urruntze sozialeko neurriak bermatu ezin daitezkeenez, San Joan suaren urteroko ekitaldia eta sua bera bertan behera utzi ditu Udalak. Herritar guztiei deia egiten die, egun horretan arduraz joka dezaten.

San Joan sua bertan behera uztearekin batera, Adunako Udalak gogoratu du COVID-19aren krisiaren ondorioz hondakinen bilketan egindako aldaketak bertan behera geldituko dira ekainaren 28tik aurrera. Ondorioz, errefusa berriro ere etxeko atarietan jasoko da bakoitzak duen kubo grisetan, eta honbestez errefusaren edukiontziak kendu egingo dira.

Udalak ohartarazi du etorkizunean, herrian COVID-19 kasurik suertatzen bada, edo isolamenduan pertsona edo familiaren bat egon beharko balu, modu berezian kudeatu beharko dela beraien errefusa. "Gertatuko balitz, udalera deitu beharko da, protokoloa martxan jarriko genuke eta eman beharreko pausoak herritarrari azalduko zaizkio". 

Alarma egoera bertan behera geldituko denez, herriko azpiegitura eta zerbitzuen egoera honakoa izango da:

  • PARKEAK, FRONTOIA ETA KIROL PISTA

Frontoia, Kirol pista eta parkeak erabiltzeko aukera egongo da berriz ere. Hala ere, arduraz jokatzea eta osasun sailetik eman diren gomendioak betetzea eskatu du udalak.

  • ITURRIAK ETA KOMUNA

Herriko iturriak eta frontoiko komun publikoa irekiko dira.

  • HAURREN LOKALA

Lokalak, oraingoz, itxita jarraituko du

  • LIBURUTEGIA

Irekita dago baina higiene neurri bereziekin eta urruntze soziala errespetatuz funtzionatuko du.

UDALETXEA

Irekita egongo da baina higiene neurri bereziekin eta urruntze soziala errespetatuz funtzionatuko da.

  • GAINERAKO LOKALAK

Erabiltzeko aukera egongo da baina urruntze sozialeko neurriak bermatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!