Koronabirusa

«Jende partikularrak edandakoa izan da saldu den bakarra»

Jon Miranda Labaien 2020ko mai. 30a, 10:00

Berrogei urte baino gehiago dira sagardotegi gisa ateak zabaldu zituela Adunako Zabalak. Sagardogintzan, ordea, lehenagotik ere bazebiltzan. Luis Zabalak (Aduna, 1973) sektoreak jasan duen golpeaz hitz egin du, baina baita sagardogileek egoera berrira egokitzeko izango duten gaitasunaz ere.

Zenbat langilek jarduten duzue sagardotegian?

Guk txotx denboraldia Errege egunaren bezperan irekitzen dugu, gutxi gorabehera, eta maiatza azkenera arte izaten dugu sagardotegia zabalik, egunero, jai eta aste. Txotx garai horretan, lauzpabost langile aritzen gara egunero-egunero eta asteburuetan oraindik ere gehiago, zazpi-zortzi. Urte osoan zehar, anaia eta biokin batera beste langile bat aritzen da.

Bat-batekoa izan zen denboraldia bertan behera uzteko erabakia. 

Bai. Martxoaren 13a, ostiralarekin izan zen. Aste hartan, zerbait bazebilen, bazetorrela esaten zuten, baina gero oso azkarra izan zen dena. Ostiral hura kaotikoa izan zen. Eguerdiko zerbitzua eskaini genuen, nahikoa normal, baina gero gauean itxi egin genuen. Jendea deika aritu zitzaigun erreserbak bertan behera uzteko. Golpean izan zen, asimilatu gabe etorri zitzaigun eta genero guztia etxean genuela.

Aurtengo sagardoa alperrik galduko da?

Nik uste dut hau guztia gertatu zela sagardoa oraindik ere fresko zegoela. Txotxean zeuden sagardoak botilaratuta, ontzi handiagoetan sartuta eta hotz golpe bat emanda, sagardoaren eboluzioa gelditzeko aukera izan dugu. Sagardoak ondo daude. Alde horretatik okerrago izango litzateke gertatu den hau bi hilabete beranduago gertatu izan balitz. Ordurako dagoeneko sagardoa etorrita egoten da eta botilaratzeko puntuan.

Martxoa izaten al duzue garairik jendetsuena sagardotegian?

Bai. Martxoa eta apirila izaten dira indartsuenak. Jardun horrek gozatzen digu ekonomikoki urtea, neurri handi batean. Guk hurrengo bi hilabeteetarako erreserbak eginda geneuzkan, asteburuetarako. Gure etxean hilabete fuerteenak dira. Gainera, hasiak ginen astegunetako bezeroak berreskuratzen, aurreko krisi garaian jende klase hori asko apaldu baitzen. Iaztik jende gehiago sumatu eta asteburuetan ere jendea bizipoz handiagoarekin ateratzen zela ikusten genuen. Buelta ematen hasiak ginenean hau etorri zaigu gainera. Dena hankaz gora.

Jendeak badu sagardotegirako joera zure ustez?

Bai. Azkeneko aste hauetan jendea deika aritu zaigu. Jendeak buelta eman nahi dio egoerari eta sagardotegia askotan estimulu bezala ikusten du, ia terapeutikoa ere bada. Estutasun honetatik libratzeko gogoarekin sumatzen dut jendea. Gure garai mediatikoenean etorri zen pandemia eta denboraldiaren itxieraren albisteak berak ere inpaktua sortu zuen gizartean.

Sagardotegiko ateak berriro zabalduko dituzue?

Bai. Datorren hilaren hasieran, lehenengo astebururako ireki nahiko genuke. Berrikuntzatxo batzuk prestatzen ari gara. Orain arte, kafe zerbitzurik ez genuen ematen eta orain eman nahiko genuke. Terraza ederra daukagu eta horri ere etekina atera nahi diogu.

Ba al dakizue zein segurtasun neurri bete beharko dituzuen berriro zabaltzerako orduan?

Bai, sagardogileen elkartetik bidali digute protokoloa. Lana egiteko nahikoa baldintza jartzen dizkigute. Mahaien erdiak kendu egingo ditugu segurtasun distantzia mantendu ahal izateko. Komunak eta mahaiak maiz-maiz garbitu beharko ditugu eta batez ere mugarik handiena ikusten dut nik jendearekiko tratuan. Etxeko giroa da gurea, inguruko jende ezagun asko etortzen zaigu, eta gure artekoa hotza geratuko ote denaren beldurra daukat.

Txotxetik edan ahal izango dute bezeroek?

Ez, botilatik emango dugu. Gauzak garbiago ikusi arte sagardoa botilatik zerbitzatuko dugu, era horretan, jendea ez dugu txotxean mugiaraziko. Egokiena hori izango da, noski. 

Udara guztirako asmoa duzue?

Sagardoa egiteko garaia iritsi arte behintzat bai. Behin pausoa emanez gero, terraza zerbitzu hori eskainita eta kafea emango dugula ikusita, etekina ateratzen saiatuko gara.

Inpaktu ekonomiko handia izan duzue?

Bai. Ez da txotxa itxita egon dela bakarrik, ostalaritza establezimenduak eta elkarteak ere ez dira martxan egon eta horrek galera handia suposatu digu. Ia diru sarrera gabe geratu gara. Geratu zaigun bakarra, etxez etxeko salmenta izan da. Horretan saiatu gara, ahal izan dugun neurrian. Villabonako merkatariek ere egin dute etxeetara iristeko ahalegin hori eta bailarako hiru sagardogileen sagardoak banatu dituzte. Saiatu gara behintzat aukera izan dugunetan gure sagardoa banatzen. Jende partikularrak kontsumitu duen sagardoa da aste hauetan saldu den bakarra. Eta eskerrak horri.

Denboraldia bertan behera uzteak zer suposatu du zuentzako?

Guretzako diru iturri inportantea da sagardotegi zerbitzu hori. Diru horrekin kontatzen dugu gainera, beste hainbat apustutxo egiteko: makinaria berria ekarri, sagastigintzan berrikuntzak egin... Joko asko ematen digu. Neguan botilako kontsumoa asko jaisten da eta gure sarrerak ere asko bajatzen dira. Gure salbazioa, neurri batean, txotx denboraldia da.

Honek guztiak sektorean aldaketa ekarriko duela uste duzu?

Bai. Lehen ere baziren txotx denboraldiaz harago irekitzen zuten sagardotegiak. Orain, egoera berri honekin uda partean irekitzea erabaki dugu batzuk, beste batzuk, berriz, ez. Moldatu egin beharko dugu. Sagardoa orain arte beti lotu izan dugu janarekin eta ez dugu ohituratik, besterik gabe, garagardoa edaten dugun bezala sagardoa edateko taberna edo terrazetan. Poteorako ere edari mundiala da.

Erlazionatuak

Loratuko da sagardogintza

Jon Miranda Labaien 2020 mai 30 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!