Bolumena jaitsi beharrean

Irati Saizar Artola 2020ko mai. 22a, 14:42

Kulturgileen eta, bereziki, musikarien abanikoaren parte dira disko bat grabatzean estudioan lanean aritzen direnak edo zuzeneko bat eskaintzean teknikari lanak egiten dituztenak. “Musikaririk gabe, ezer gutxi egin dezakete teknikariek, eta alderantziz”, azaldu du Beñat Igerabide musikari, soinu teknikari eta estudioko lanetan aritzen den adunarrak.

Koronabirusaren gaitzak behartuta, etxean geratu dira musikariak, bertan behera geratu dira zuzenekoak, eta, neurri batean, baita estudioko lanak ere. Igerabidek estudio bat dauka Adunan, baina, konfinamendua dela eta, ez du aukerarik izan hara joateko. Hala ere, Donostiako bere etxean “gelatxo bat” dauka prestatuta monitore batzuekin nahasketak eta edizio lanak egiteko, eta bertan “gauza txiki batzuk” grabatzeko aukera izan duela aitortu du. Etxeko estudioan egin ditu “zintzilik” zeuzkan nahasketa batzuk, eta bidean sortu zaizkion beste proiektu batzuei heltzeko tartea ere hartu duela gaineratu du.

Esaterako, Postal Kolekzionistak taldearen Lekuak leku single berria nahastu du: “Musikari bakoitzak bere etxetik egin ditu grabazioak, eta, pista guztiak jasotzean, nahasketa eta masterizazio lanak egin dizkiet nik”. Igerabideren hitzetan, gaur egun “gauza gutxirekin” egin daiteke etxean “grabaketa xume bat”. “Duela urte batzuk ezingo zen proiektu bat aurrera eraman estudiora joan gabe, baina orain asko erraztu da guztia, eta bere xarma ere badu bakoitzak bere etxetik bere instrumentua soilik grabatzeak”.

Horrelakoetan “hankamotz” gelditzen da bezeroarekin izan beharreko harremana, hau da, musikariekin estudioan bertan izan ohi den aurrez aurreko harreman hori. Izan ere, Igerabidek aitortu du bestela ere bakarka egiten dituztela nahasketak, eta ondoren joaten direla taldekideak estudiora abestia entzutera. “Alde horretatik, gure lana ez da izugarri aldatu, baina, noski, egoera honetan musikariak ezin izan dira etorri estudiora grabaketak egitera”. Zuzeneko harreman hori falta izan zaie. Behin nahasketak amaituta, Igerabidek posta elektroniko bidez bidaltzen dizkie hainbat aukera musikariei, eta telefono edo bideo dei bidez jartzen dira harremanetan aldaketei buruz hitz egiteko.

“Lasai” dago adunarra. Izan ere, teknikaria izateaz gain, irakaskuntzan ere badihardu lanean. Azken boladan, gainera, Gorka Urra musikariarekin batera hainbat proiektu lantzen ari da Oiartzungo Lezoti estudioan. “Hitzarmen bat dugu jabearekin, eta bertan ari gara proiektuak garatzen”. Estudio horretan bertan behera geratu zaizkie maiatzean grabatzekoak ziren bi proiektu. “Eta beste proiektu batekin ere ari ginen lanean, grabatuta geneukan guztia, eta ahotsa grabatzea soilik falta zitzaigun; baina erdi-erdian harrapatu gaitu koronabirusak”.

Erabat estudioko lanetan aritzen direnentzat egoera “gogorragoa” izaten ari dela onartu du Igerabidek. Estudioa duten askok zuzenekoetan lan egiten dutela gaineratu du. “Horregatik, zortea izan du estudioan dena grabatuta zeukanak, gutxienez aukera izango baitzuen nahasketak egiteko”. Igerabidek “gertu” ikusten du estudioetarako buelta, baina gehiago kezkatzen dute zuzeneko emanaldiek.

Horregatik, argi dauka: “Egoera honek zuzeneko soinu teknikariak eta enpresak jo ditu gogorren”. Egoerari buelta emateko “denbora” beharko dela dio. Kate bateko piezak dira teknikariak, “musikarien mende” daudenak: “Teknikariak joaten dira goizen zuzenekoetara, gauza guztiak muntatzera, eta etxera ere haiek joaten dira beranduen, guztia desmuntatu ostean”. Kate horren hasiera, ordea, sorkuntzatik dator, abesti batetik. “Musikari hori ez badago, beste guztiak ez du zentzurik”.

Musikarientzat ere, kolpea

Baina musikariak ere “bete-betean” harrapatu ditu alarma egoerak. Zerbait sortzen ari zirenak, “tira”, baina zuzenekoetara begira lanean ari zirenek “kolpe latza” hartu dutela azpimarratu du Igerabidek: “Musika talde asko dago Euskal Herrian musikatik soilik bizi ez dena; gehienetan, gustatzen zaielako egiten dute lan hori”. Igerabidek badauka kontzertuak lotzeko hartzen diren lanen berri, berak ere bi disko grabatuak baititu 2014az geroztik. “Eta psikologikoki oso gogorra da behin dena lotutakoan guztia erortzea”.

Geldialdiak, ordea, “pentsatzeko eta hausnartzeko” denbora utzi du, eta adunarrak atera dio alde onik horri. Bere kantuak eta konposizioak egiteko tartea hartu du, eta baita hausnartzekoa ere: “Greba digitalak kulturgileon arteko elkarlana bultzatu duela uste dut; musikarien arteko komunikazioa eta egoerari aurre egiteko elkartasuna bultzatu ditu”. Hori mantentzeko ahaleginetan jarri nahiko luke begirada, egoerari “familia batek bezala” erantzuten jarraitzeko, bai teknikariek, bai musikariek, eta bai horretan dabiltzan langile guztiek. “Luzerako jarrai dezala horrela”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!