«Noiz arte arrazoi? Aforismoa idazten hasi aurretik arte»

Jon Miranda Labaien 2020ko mai. 25a, 10:02

Umoretsu ageri da Noiz arte arrazoi liburuan Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956), baina aldi berean eztena sartuz zenbait gaietan eta gogoeta sakonak iradokiz aforismoetan. Ispilu joko bat proposatu du Alberdania etxearekin kaleratutako liburuan.

Liburuan diozu, denborak hegoak dituela eta baita kateak ere. Sumatu dituzu kateak konfinamendu garaiotan?

Egia esan oso ohituta nago bakarka eta denbora luzean irten gabe egoten, nire lanetan murgilduta. Kate hori nahikoa gustukoa dut, kontua da kate hori nahitaezkoa denean. Horrek larritu egiten gaitu.

Egunotan komunikabideok, zuk diozun bezala, «saiak sarraskira bezala» gaitz handietara jo dugu. Medikuntza eta zientzia izan ditugu hizpide. Zure liburuan ere presente daude gai hauek.

Bai. Azkenean gizarte honetan, nolabait, makulu nagusi gisa zientzia eta teknika ditugu. Medikuntza ere, erabat teknologizatu da, horrek dituen abantailekin eta ematen duen ziurtasunarekin. Baina beste alde batzuk badakartza horrek, azkenean badakigu gorputza ez dela mekanika hutsa. Nik uste dut badaudela gorputzean zientziari ihes egiten dioten alde batzuk. Oraingoa bezalako egoeretan kontraesan horiek oraindik ere gehiago zorrozten dira. Medikuntzaren aitzakian, gizarte kontrol zorrotz bat dago. Non dago askatasun pertsonala? Hala ere horren inguruko gauzarik gogorrena beldurra da. Beldurrak beti pentsamendua estutu egiten du, azken batean, fanatizatu, itsutu. Pentsamenduari ikuspegia laburtzen dio. Gauza horiek guztiak egunotan eztabaidan dabiltza gora eta behera sare sozialetan. Interesgarriak dira ematen ari diren gogoetak eta debateak.

Zientziarekin batera, espiritualtasuna ageri da liburuan. Modu kontrajarrian? 

Paradoxa dago, titulutik bertatik. Noiz arte arrazoi? Aforismoa idazten hasi aurretik arte. Azken batean, aforismoak pentsamenduaren mugak erakusten ditu. Muga horietan mugitzen da. Zientziak, zalantzarik gabe, pentsamenduaren aurrerakuntza izugarriak eskaintzen ditu, baina zientziak ez du biltzen existentzia osoa. Edozein zientifikok esango dizu, guri izugarria iruditu arren, existentziaren zati txiki bat baino ez duela azaltzen. Zientziak eguzkia ekialdetik atera beharrean mendebaldetik ezin du aterearazi, oraingoz behintzat [barrez].

Jainko bakarra omen eta zure liburuan asko ageri dira.

Agertzen dira tarteka jainkoari buruzko aforismo batzuk. Ikuspegi ezberdinetatik begiratuta, umorez eta erlatibizatuz. Bazen jainko bat tradizio nordikoan, zeinari jendeak burla egiten zion. Jainko hori, ordea, hain zegoen ziur bere botereaz eta bere buruaz, jendeari berari buruz barre egiten uzten ziola. Gure kultura judeo-kristau, arabiar, eta oro har, mendebaldeko kultura erlijiosoan ezinezkoa da hori. Iparraldeko kulturetan zuten ikuspegi hori izugarri gustatu zitzaidan, jainkoari barre egiteak zein gaitz egiten dio ba? Batere ez. Hain da ahalguztiduna, gure barreak edo gure negarrak ez duela harengan eraginik. Hori pentsatzen dute tradizio nordikoan.

Gero, ironia baliatuz, gaur egungo gizarteko zenbait alde azaldu dituzu. Kritika bezala ulertu behar ditugu?

Kritika baino gehiago dira flash-ak bezala. Banoa gizartean zehar eta argazki batzuk erretratatzen ditut, gero norberak pentsa dezan. Kritiko gertatzen dira, ispilu aurrean jartzen zaituztelako. Hori bezalako kritikarik ez dago. Ispiluak dira. Ezkutuan leudekeen gizarteko alde batzuk agertzen dira. Aurrez aurre jartzen zaitu egoera horrekin.

Beti ere ironiarekin. Zuk Kierkegaardi aipamena eginez diozu serio hartzen ez den zerbait serio hartzea omen dela ironia, eta gehitzen duzu, «edo oso serio hartzen den zerbait umorez ukatzea».

Bai. Ironiak distantzia bat jartzen du. Esaten dizu, 'begiratu ezazu zeuk ere, ea zer iruditzen zaizun'. Irribarre bat da, gonbidapen bat. Ironiak oso serio hartzen ditugun gauzengandik distantzia hartzen laguntzen digu eta galdetzen diogu geure buruari, hain inportantea ote da? Hain ezinbestekoa? Erlatibismoan erori gabe, erlatibizatu egiten du ironiak, distantzia hori jartzen laguntzen digu. Begiratu, arakatu eta esan zer iruditzen zaizun. Ezinbesteko apaltasun bat dago ironian. Ironia gertu geratzen da beti, ez dio ihes egiten arazoari, han inguruan geratzen da. Ironia guk ahotik botatzen dugu baino hark lepondotik jotzen gaitu. Konturatzen ez garen ironia asko dago.

Gozatu duzu liburua idazten?

Bai. Nobela batek edo saiakera batek izerdia aterarazten dizu, aforismoak , aldiz, jolasak dira, goxoak. Ni behintzat horrela aritzen naiz burura etortzen zaizkit eta askotan apuntatzea ahaztu. Ia-ia haurren jolasen parekoak dira, baina egiten dituzu gai potoloagoekin. Existentziaren aurrean ikuspegi ezohikoaren bila ibiltzen zara aforismoak egiterakoan eta niretzat oso estimulagarria da, apasionantea. 

Nola sortu eta egokitu dituzu liburuan bildutako aforismo horiek?

Ni pixkat bat desordenatua naiz eta orduan gutunazal handiak neuzkan papertxoz beteta eta gero koadernoan apuntatuta ere baneuzkan makina bat. Horiek denak ordenagailura pasa eta aukeratzen igaro nuen uda osoa. Baina ondo pasatzen dut, pusketaka egiten dudalako. Zuri ederra edo zorrotza iruditzen zaizun gauza bat, zure lagun bati kamutsa iruditzen zaio, kamutsa edo oso txiste ebidentea. Kasu honetan, asko eskertu behar diot Anjel Lertxundiri egin didan ispilu lana. Aforismo batzuk seinalatu dizkit. Lan hori oso interesgarria da, norberak batzuetan perspektiba galtzen duelako.

Lertxundiri eskaini diozu liburua.

Bai. Egoera zail batetik irten berria da. Zu liburua irakurri dutenek badakite. Momentu zail honetan eta berak egin didan mesede handia eskertuz egin diot eskaintza. Anjelekin badut halako konplizitate bat literatura alorrean. Irakurketa asko berak gomendatuta egin ditut eta berak ere egin ditu batzuk nik gomendatuta. Asko komentatu ditugu elkarren artean eta askotan egon gara hizketan irakurketei buruz. Badago parekotasun bat: berak joera du pentsamenduak gehiago hedatzeko, saiolariaren sena dauka eta nik pentsamendu horiek izugarri sintetizatzeko joera dut. Horregatik oso elkarrizketa polita da elkarrekin sortzen dugun hori. Maite ditut izugarri eta miresten ditut aforismoen arteko zuloak betetzen dituzten idazle eta pentsalariak. Horiek gabe aforismoak alperrik leudeke.

Eskualdean zurekin batera Karlos Linazasorok ere landu ditu aforismoak.

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi. Euskal Herrian dagoen aforistarik zorrotzena izango da, euskaraz. Berarekin bide luzea partekatu dut, preseski, aforismoaren lanketan. Elkarri pasatzen dizkiogu lanak. Lertxundirekin izandako antzeko harremana dut berekin, baina aforismoaren alorrean bertan. Linazasoro ni baino ironikoagoa da oraindik eta beste estilo bateko aforismoak egiten ditu. Elkar osatze eder bat gertatzen zaigu bioi. 

Literatura-genero minoritarioa da?

Bai. Aforismo liburuak oso minoritarioak dira. Hori horrela da, poesiarekin gertatzen denaren antzeratsu gertatzen da. Baina sareetan ikusten baduzu aforismo asko dabil bueltaka. Badira esaldi aforistiko pila bat, jende askok erabiltzen dituenak. Gero zaletasun hori dugunak ez gara hainbeste, baina horretan ere aldea dago duela 20 urtetik hona. Orduan zuen harrera eta oraingo harreraren artean alde handia ikusten dut. Badago jende multzo handiago bat behintzat, ez da izugarria baino badago horrekin interesatzen denik. Ez dut hain beltza ere ikusten. Errealitatea errealitatea da eta kexatzea ere alperrik da.

Poesia genero gorena dela diozu liburuan, beste genero guztiak bezala. Oraingoan ere ironiaz. 

Azkenean literatura, poesia, arte plastikoak... denak dira genero gorenak, artistak daukan guztia jartzen duelako horietan, dena ematen duelako. Nahi bada poesiak badu gauza bat: mundua sentitzeko modu gisa ulertuta, txertatzen ditu bai musika, bai arte plastikoak eta gainerako diziplinak. 'Poesiaz beteta dago koadro hori, edo eskultura hori, edo musika pieza hori', esan dezakegu, adibidez. Zentzu horretan, poesia hartu daiteke genero gorentzat. Gainera badakigu, literatur genero guztiak poesiatik datozela, hasieran dena bertsotan idazten zelako, eta gero sortu zelako prosa. Alde horretatik bai, baina bestela genero guztiak dira gaur egun gorenak, generoa lantzen dituenarentzat. 

«Poesia nobelaren papiroflexia moduko bat da»

Umore handiz egindako aforismoa da hori. Poesiak sintesira jotzen du, poema lirikoenaren atzean ere istorio bat dago. Nobela asko poema edo irudi literario batetik abiatu dira. Papiroflexia diot, alde horretatik, istorio horiek guztien nolabaiteko irudi laburtu eta sintetiko bat ematen duelako poema batek.

Nola gomendatuko zenuke irakurtzea liburua?

Nik neuk pixkanaka irakurtzen ditut aforismo liburuak. Aforismoa oso probokatzailea da berez eta irakurtzen ari denari erantzuna ekartzen dio burura. Ni arkatzarekin aritzen naiz, ez akatsa bilatzen, baizik eta horrek sortzen didan burutazioa apuntatzen. Eta askotan hausnarketa hori zabaltzeko gogoa ere ematen didate askok. Baina bestela hartu eta liburua osorik ere irakurri daiteke. Hala ere, ni gero beti itzuli egiten naiz, zeren hobe da bat edo bi irakurri eta buruan uztea. Aforismoa oso erosoa da irakurtzeko, eta goxoa.

NOIZ ARTE ARRAZOI

Egilea: Juan Kruz Igerabide.

Argitaratze data: 2019ko urria.

Argitaletxea: Alberdania.

Orriak: 79 orri.

Azala: Koldobika Jauregi.

 

IGERABIDE-JAUREGI LANKIDETZA

Aspaldiko ezagunak dira Juan Kruz Igerabide eta Koldobika Jauregi. Elkarrekin egin izan dituzte proiektu zenbait. Adunarrak alkizarrari liburuarentzat azala eskatu eta irudi hori bakarrik ez, beste asko ere bidali zizkion bueltan. Aforismo artean kokatu dituzte liburuan. «Tintazko edo irudizko aforismo batzuk dira», Igerabideren esanetan. «Zoragarriak dira».

Jauregik ere gustu handiz jaso zuen idazlearen gonbidapena. «Azalarekin hasi eta enrollatu egin nintzen, beti gertatzen zaidan bezala». Sorpresa eraman zuen eskultoreak liburu barruan ere irudi horiek jarriko zituztela jakin zuenean.

Collageak dira, denak beltzak. «Oso sinpleak, aforismoekin lotutakoak. Irakurtzen nituen eta nire modura jolastu nahi izan nuen sortzen zizkidaten sentsazioekin», dio Jauregik. Irudi «ironiko» eta umorez egindakoak dira: «Etxe bat ageri da azalean, adibidez, bi oin dituena; edo lorontzi batean zeinetan pistolak loratzen diren landarea beharrean; paraxuta bat ezkurra bat daramana». Irudi sinpleak dira, baina indar handikoak. Ez da «lan sakon bat inork ulertzen ez duena, jolas bat bezalakoa izan da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!