Adunako Uztartza jatetxeak atzo zabaldu zituen ateak. Elizako arkupean ditu terrazako mahaiak, eta momentuz, herritarrei edota herrian lan egiten dutenei otorduak eramateko aukera eskaintzen ari dira. Hiru bazkidek daramate negozioa aurrera, eta hirurak hasi dira lanean, langilerik gabe. TOLOSALDEKO ATARIA-k Ivan Velazekin hitz egin du.
Nola hartu zenuten negozioa ixteko agindua, eta nola bizitu duzue?
Albistea bat-batean iritsi zen. Inork ez genuen espero gertatu dena gertatzerik, eta oraindik ere ez dakigu zenbaterainokoa izango den. Gogoan dut larunbat goizean lanean nengoela, eta arratsaldean itxi egin genuela. Hasiera batean, esan zen moduan, hamabost eguneko kontua izango zela pentsatzen genuen, eta zerbait luzatuko zela ikusten bagenuen ere, ez genuen uste hainbeste luzatuko zenik.
Behin jatetxea itxi, eta zer?
Tarteka etorri gara. Galtzekoak ziren janariak bota, eta posible zena izoztu egin genuen.
Luze egin da itxiera?
Luze egiten da, batik bat, ez dakizunean zer egin. Aurrera egiteko biderik ikusten ez duzunean egiten da luze, eta langileak dituzunean. Gu hiru bazkide autonomo gara, baina beste bost langile ditugu. Beraietaz ere kezkatu behar duzu. Zerbait eskaini nahi diezu, ea zer egongo den,... eta gauza guzti horiek ez jakitean eta zalantzak izatean, gogorra da.
Gogotsu ireki duzue berriz taberna?
Hainbeste denbora itxita egon ostean, nolabait esateko, beti dago ilusioa. Erronka berri bat da, egoera ezberdina da eta ilusioa dugu, baina, egia da ez naizela oso baikorra. Hitz egiten ari diren baldintzak ez dira onak, eta ez dakigu nora iritsiko garen. Normalean, jatetxe bat bere osotasunean ari denean justu dabil edo ondo dago. Baina lan egiteko %50a kentzen diozunean... geratzen dena oso gutxi da. Oso zaila izango da, baina etxean ere ezin zara geratu. Ahalegindu egin beharko da.
Momentuz terraza eta eramateko jatekoarekin hasi zarete.
Hori da genuen aukera bakarra. Terraza %50ean, eta ez dugu aukerarik jatetxean jaten emateko; horrek logistika aldetik asko mugatzen du. Modu sinple batean negozioa asmatu behar izan dugu zerbitzua eskaini ahal izateko, eta era berean, eskuak ez harrapatzeko. Oreka bilatzen saiatu gara, orekarik bada. Herriaren erantzuna ikusi beharko dugu. Nik ulertzen dut jendeak beldurra izan dezakeela. Gustura egoteko toki bat izan behar du terrazak, eta zu gustura ez bazara egongo, ez du zentzurik.
Lehen egunetik jendea dabil.
Oraindik egongo da zabalik dagoela jabetu ez den jendea, edo ea zer gertatzen den zain dagoena. Herriko adoretsuenak bai gerturatu dira kafea hartzera, probatzera eta sentsazioak ikusi eta sentitzera. Hau berria da guztiontzat, eta ikusi egin beharko da nola doan kontua.
Janaria eramateko aukera jarri duzue. Zer espero duzue?
Zaila da jakitea. Momentuz zure herritik mugitzea galarazten du araudiak, beraz, mugatuta gaude. Herrian lanean ari diren langileetara edo etxean janaria prestatzen nazkatu den horiengana bakarrik iritsi gaitezke. Lehen eguna da, eta ez dakit zer gertatu daitekeen.
Hiru bazkide eta bost langile zaretela aipatu duzu. Guztiontzako lanik ez dago.
Momentuz terrazarekin bakarrik lan egin daitekeen hamabost egun hauetan hirurok bakarrik ariko gara lanean. Behin jatetxea %50ean irekitzen dugunean langileen erdiak behintzat lanean hasi ahal izatea izango da helburua. Nik gogoa dut eta pentsatu nahi dut epe motz samar batean ireki ahal izango dugula, baina ezin da jakin.
Posible izango da?
Ez dakit. Jendearen erantzunaren araberakoa izango da. Beldurrik gabe eta aurrera egiteko jarrerarekin bada, funtzionatuko du. Baina maila guztietan sartuta, ostalaritza, dendak... etxean geratzen bagara, ez du funtzionatuko. Ateak ireki ahal izateko minimo batzuk behar ditugu; ez irabazteko, baizik eta gastuak tapatu ahal izateko. Minimo horiek ematen ez badira, ezinezkoa izango da.
Taberna, jatetxea eta ostatua ere baduzue. Zein aurreikuspen?
Esaterako maiatzerako genituen jaunartze eta logeletako erreserba guztiak ezeztatuta daude. Denak atzera bota dira, eta inork ez du mantendu nahi izan gero beteko ez duen erreserbarik. Zerbait berria hasiko da, eta ikusi egin beharko da. Ostatuarena oraindik eta konplexuagoa ikusten dut. Logelak dira, eta kasu askotan, partekatuak jende askorekin; hogei edo hogeita bi pertsona sartu daitezke. Oraintxe bertan ezin naiz hasi horretan pentsatzen. Burua joan egiten zait, eta ez dut konplikatu nahi. Poliki-poliki joango gara, eta esaten dituzten arauak betez. Gero ikusi beharko da ea arau horiek praktikoak eta emankorrak diren. Probatzen joan beharko gara aurrera, eta probatu ahala egin beharko dugu lana. Ulertzen dut inork ez dakiela zein den aukerarik onena. Ez da izango gogo, nahi eta ilusio faltagatik, baina gero ez badu funtzionatzen, bada ez du funtzionatuko; baina ahaleginduko gara, eta egin egingo dugu ahal dugun guztia.