Maiatzaren 11n Uztartzak bere zerbitzua jarriko du berriro martxan. Hasiera batean, zerbitzua mugatua izango dela jakinarazi du Adunako Udalak, "legeak eta egoerak horretara behartuta".
Goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara irekiko dituzte ateak. Ezingo da tabernara sartu eta terraza bakarrik irekiko da. Eguraldi txarra egiten duenean, terraza elizako aterpean jarriko dute. Gainera sukaldea martxan egongo da, ondorioz ogitartekoak eta pintxoak eskatzeko aukera egongo da. Eguneko menuak ere prestatuko dituzte, beti ere eramateko, ez bertan jateko. Oinarrizko produktu batzuk ere salduko dituzte: ogia, esnea...
Adunako Udalak herritar guztiei eskatu die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako gomendioak jarraitzeko, eta herritarren arteko aldentze sozialeko derrigorrezko neurriak betetzeko.
Bestelako oharrak
Adunako Udalak COVID-19a dela eta bestelako abisu eta neurriak iragarri ditu.
- PARKEAK, FRONTOIA ETA KIROL PISTA: Oraindik ezin dira erabili. Zintaz itxita egongo dira. Eskatzen diete herritarrei arduraz jokatu eta umeei ere esatea. Frontoiaren kasuan, hurrengo egunetan federatu batzuk, arau zorrotz batzuk betez, erabiltzeko aukera eduki dezakete, baina hori beraiekin landuko da.
- ITURRIAK ETA KOMUNA: Kaleko ur iturriak itxita egongo dira. Frontoiko komun publikoa itxita egongo da.
- BABES MASKARA:Arrisku handiko taldekoa direnak (haurdun, arnas arazoak, bihotz arazoak...) udaletxera deituta fffp2 maskarak lortu ditzakete.
- UDALETXERA DEITU EDOZEIN ARAZO EDUKITA: Eskolarekin klaseak online egiteko ekipo edo konexio arazoak edukiz gero; 65 urtetik gorakoek beharra edukiz gero, janaria eta farmaziako produktuak etxera eramateko; Norbaitek behar bereziren bat badu, nahiz eta 65 urtetik beherakoa izan; Kasu horietan, udaletxera hots egin dezakete, 08:00etatik 15:00etara 943 69 25 71 telefono zenbakira edo mezu bat idatzi udala@aduna.eus helbidera. Alarma egoerak irauten duen bitartean, 08:00etatik 22:00etara 683 655 368 telefonoa martxan egongo da. Bestalde, Aiztondo Gizarte Zerbitzuen mankomunitatean ere erantzungo zaie beharrei, 943 69 39 30 telefonoan edo aiztondo@aiztondo.eus helbidean, 09:00etatik 14:00etara.
- INDARKERIA KASUETAN: Konfinamenduan indarkeria jasanez gero, eguneko edozein ordutan hots egin liteke 900 840 111 telefonora.