"Animalia espezie ezberdinak mendian edukitzea sekulako aberastasuna dela ohartu behar gara"

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2020ko urt. 12a, 05:59

Zeruan naiz lurrean dabiltzan hegazti eta animaliak ikusiz gozatzen du Joxe Martin Otaegi Alkainek (Aduna, 1953). 

Eskopeta argazki kameragatik ordezkatu zuen aspaldi eta ordutik bere irteera eta bidaien helburua, animalien bizimodua gertutik jarraitzea da. Animalia asko ikusi dituen arren, lehen egunean beste gozatzen duela hauei begira aitortu du. Senegaleko esaera batek, txoriak munduko animaliarik azkarrenak direla dio, iparreko eta hegoaldeko onena hartzen dutelako. Joxe Martin Otaegik ere, asko ikasi du txoriengatik eta ikasitakoarekin dator elkarrizketara.

Gaztetan ehiztaria izan zara.

Familian tradizioz ehiztariak ginen, aita, osabak eta lau anaiak. Gaztetan gure denborapasa ehiza zen, guk ez genekien mendira joaten zakurrik eta eskopetarik gabe.

Nolatan erabaki zenuen eskopeta alde batera uztea?

Buruan nerabilkien egoneza zen, telebistan Felix Rodriguez de la Fuenteren dokumentalak ikusten hasi ginen eta hark egiten zuena ikusita, nik egiten nuenak ez zuen batere zentzurik jabetu nintzen. Pieza bota, etxera eraman, gehienetan jan baina batzuetan bertan usteldu eta neure buruari galdetzen nion: 'Zer egin dek?' Ez nuen horrela jarraitu nahi, kosta zitzaidan pausoa ematea baina eman nuen.

Gogoan al duzu noiz hartu zenuen erabakia?

Urbasara joan ginen kanpinera, garai hartan Urbasan ehizatzea bazegoen. Goizez atera ginen pieza bilatzera eta halako batean, bi zozo aurrean neuzkan eta apuntatzen nengoela, eskopeta bizkarrera erretiratu nuen eta hura izan zen nire azkeneko irteera ehiztari bezala. Sekula ez naiz damutu hartutako erabakiaz.

Noizko kontua da hori?

Duela 40 urte izan zen hori.

Eskopetaren pum-a argazki kameraren klisk-agatik aldatu zenuen…

Argazkiak ateratzen askoz hobeto pasatzen dut, teleskopioa, prismatikoak eta argazki kamera on bat ditut orain beti prest. Beharrezkoak dira txoriak ikusteko, gozamena da niretzako.

Txorizalea izateko, pazientzia ere beharko da.

Latza. Gauza bat txoriak ikustera joatea da eta bestea ikustea. Egunak pasa ditugu hegaztiaren zain eta hegaztia ikusi gabe etxera bueltatu. Behin Aralarren zapelatz zuria ikusi nuen kotxean nindoala eta buelta hartu nuen nondik nora joan zen ikusteko. Hurrengo egunean, eguna argitzerako joan nintzen ikusi nuen leku hartara, gorde nintzen basoan eta eguerdian azaldu zen, bezperan jarri zen adar berdinean. Argazki batzuk atera nizkion eta gustura itzuli nintzen.

Zure bidaia edo irteeren helburu nagusia txoriak edota animaliak ikustea izaten al da?

Azken boladan beti; udaran Europan ibili nintzen Frantzia, Eslovenia, Lituania eta Polonian, txoriak ikusiz. Kanariar Uharteetako txorizale profesionalekin egin nuen bidaia eta asko ikasi nuen. Ezagutzen ez nituen 15 txori ezpezie ikusi nituen! Udazkenean, Finlandian 15 egun egin nituen Europa iparraldean soilik bizi diren txoriak ikusiz.

Gure inguruetako basoetan eta zeruan zein espezie ikus ditzakegu?

Gipuzkoan hegazti batzuk desagertzen ari dira, baina espezie berrien presentzia ere badugu. Alde batetik, jendeak ehizatzen ez dituelako ugaritu egin dira. Lertxuna adibidez gure erreketara itzuli da, lehen ehizatzen zen, orain ez, ahateen eta urolloen gisa bere kasa dabil erreka ondoetan. Okil beltza, Nafarroan bakarrik ikus zitekeen lehen, Gipuzkoara ez zen azaldu ere egiten. Orain Tolosaldeko gure basoetan ikus dezakegu. Belearen tankera du, baina buru gorriarekin. Egurra kaxka-kaxka zulatzen du hegazti honek mokoarekin. Hegaberen arrastorik ez da gure mendietan, elurra egiten zuenean etortzen ziren, orain bakarra ere ez dugu ikusten. Extremadura eta Palentzia berriz, hegaberaz josita daude. Gurean txoriak ikusteko leku ona Txingudiko badia da.

Hirietako hegaztiekin ere bada nahiko komeria. Elkarbizitza gogorra izaki eta hiriko usoen artekoa...

Santa Maria elizan ikusi nuen kanabera batetik zintzilik gezurretako belatza, usoak usatzeko jarria. Lehen egunean uxatuko ditu usoak, baina berehala konturako dira usoak belatza geldirik dagoela. Usoak ez dira tontoak. Zikindu egiten dute usoek ados, baina nork zikintzen du gehiago, haiek edo guk? Galdera hori egiten dut nik.

Jendearen kontzientzia aldatzen ari al da hegaztiekiko?

Alde batetik bai, edo hala pentsatu nahiko nuke.

Katebegiaren bestaldean, ehiztariak daude.

Indar handia dute ehiztariek, asko dira gainera eta nik uste nuena baino ehiztari gazte gehiago ikusi ditut azkenaldian egin diren manifestazioetan.

Ehizak dirua mugitzen badu ere, animalien kontserbazioa ez da atzean geratzen, Afrikan safariak egiten dira animaliak libre ikusteko. Kontserbazioa diru iturria izan liteke, ezta?

Dudarik gabe. Momentu honetan, Zamoran eta Asturiaren animalia basatien presentziak turismoa dakar, Ingalaterra eta Frantziatik jende dezente dator hauek ikustera. Leku askotan konturatu dira turismo honek dakarren dirua errazagoa dela abeltzaintzatik ateratakoa baino. Herri txikietan tabernak eta ostatuak betetzen dira. Soka bat da azkenean.

Animalia behatzaile gisa zein momentu dituzu kuttunenak?

Hegaztiak eta animaliak ikusten lehen egunean beste gozatzen dut oraindik ere. Asko ditut gogoan, txoria kumeei habian jaten ematen ikustea ederra da edo otsoak eta hartzak ikustea.

Gogoan dut duela gutxi, Asturiaseko mendi malkar batean hartzak ikusi zain geundela, pista batera atera zirela bi hartz. Pistaren goialdean, ganaduzalea zihoan 10-12 behiekin eta hartzek artzaina ikusi eta ospa egin zuten. Artzainak ez zituen hartzak ikusi ere egin. Guk espektakulo hau beste mendi malkarretik ikusi genuen. Sekula ahaztuko ez zaidan irudia da.

Edota lauzpabost otso oreinei jarraika ikustea, betiko iltzatua geratzen da memorian.

Zein da otsoen egoera gaur egun?

Toki batzuetan ehizatzen dira, besteetan babestuta daude. Euskal Herrian ere babestu nahi den espezie da. Animalia espezie ezberdinak mendian edukitzea sekulako aberastauna dela ohartu behar gara. Lehen dena akabatu egiten zen, basakatuak, katamotzak… eta desagertzeko zorian daudenean, berriro berrintegratzeko proiektuetan diru mordoa gastatzen da. Kontuak lehenago atera behar ditugu. Animalia batzuk estigma negatiboa daukate, txarrak balira moduan. Baina mendietan animalia barietateak edukitzea aberastasuna besterik ez dakar. Otsoak, hartzak, katamotzak… zaindu beharra dauzkagu. Gure munduaren parte dira. Denak akabatzen baditugu, zer egingo dugu? Animaliak maitatzen eta errespetatzen ikasi behar dugu.

Abeltzainek ez dute hori esango ordea…

Asturiaseko artzain batek behin esan zigun hartza errespetatu egin behar dela, balio handiko animalia delako. Artzain hauek han bizi dira, mendian, artzain hauek ekosistema osoaren zaintzaileak dira. Lehen artzaintza horrelakoa zen, egun guztia han mendian inguruarekin errespetuan. Orain berriz, ganadua mendian utzi eta martxa egiten dugu. Baina gure mendietan beste animalia asko daude.

Noek ere bere barkuan animalia espezie guztiak sartu zituen.

Zerbaiten beldurra bazuen hark ere!

Gaztetan dokumentalak ikusten gozatzen zenuela aitortu duzu eta dokumentalak ikustetik, dokumentaletako protagonista izatera pasa zara.

Soñando con alas izeneko dokumentalean parte hartzeko gonbita izan nuen Kanariar Uhartetako lagun txorizale profesionalek gonbidatuta. Ni arotza izan naiz ofizioz eta txoriak izan ditut afizio. Afizio bera dugun bost lagunek txoriak ikusten nola gozatzen dugun grabatu zuten. Dokumentala Tolosara, otsaila edo martxoa inguruan ekarriko dutelakoan nago.

Ehiztari lagunek zer diote?

Ero fama jartzen didate, baina nik esaten diet momentu batez bada ere, animaliei begira egoteko. Libre geratzen den animalia, berriz itzuliko baita. Akabatzen denarekin, akabo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!