Adunako Txantxaenea inauguratu dute

Jon Miranda Labaien 2019ko abenduaren 20a

Udalak erositako eraikina egokitu eta etxabean liburutegia eta denda-taberna, sotoan haur txokoa eta kanpoaldean erretiratuentzat itxitura prestatu dituzte.

Katea osatu zuten atzo iluntzean Adunan. Udaletxetik, aurreko liburutegia kokatuta zegoen lekutik, Txantxaenea etxeraino eskuz eskuk pasa zuten Juan Kruz Igerabideren Abezedario Titirijario liburua, Espainiako Haur Literaturako saria eskuratu duena. Atzo inauguratu zuten liburutegian toki pribilegiatua izango du Igerabideren lanak, herriko Toni Muntadas-Primek idatzitako El poder de la esperanza liburuaren eta Xabier Berasaluzeren Tarrapatan, pandero baten ibilbidea liburuaren ondoan.

Gune ezberdinak izango ditu liburutegi berriak: haurrentzako bat, egunkari eta aldizkariak irakurtzeko beste bat eta ikasteko aparteko toki bat ere prestatu dute. KZguneko ordenagailuak erabiltzeko aukera izango da, baita ere, espazio berrian.

Orain arte, plazan kokatuta zegoen haurrentzako lokala, hemendik aurrera Txantxaeneako sotoan egongo da eta gurasoek horretarako giltza eskuratuta erabili ahal izango dute. Aparteko sarrera izango du lokalak. Antzeko funtzionamendua izango du, eraikineko atarian kokatuta dagoen itxiturak. 60 urtetik gorakoek udaletxean eskatu ahal izango dute bertara sartzeko giltza. Udalak bilera egingo du herriko erretiratuekin, txoko hori nola hornitu erabakitzeko.

Funtzionamendu autonomoa izango du itxiturak eta etorkizunean zabalduko den denda-tabernak ere eskainiko die zerbitzua bertan biltzen diren erretiratuei. Udalak lehiaketara aterako du denda-tabernaren kudeaketa eta hurrengo hilabeteetan jarriko da martxan.

Liburuak elkartrukatzeko

Txantxaeneko liburutegi berriaren sarreran eta Uztartzako parkean daude kokatuta liburuak elkartrukatzeko azpiegiturak. Unai Gabilondo eskultoreak egin ditu (www.ganbaranbai.com).

Edozein herritarrek liburuak utzi eta hartu ditzake bertatik, modu librean. "Argi eduki behar dugu ez dela liburuen garbigune bat. Interesgarriak iruditzen zaizkigun liburuak utzi behar ditugu bertan", esan dute liburutegiko arduradunek.

Bestalde, deialdia egiten diete liburuei erabilera egokia emateko, baita azpiegitura berari ere. "Haurrei erakutsi horrelako gune batek duen balio kultural eta paisajistikoa", adierazi du udalak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!