'Bikain' urrezko ziurtagiria jaso du Adunako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 12a, 11:46

2019ko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu zituen atzo Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Kursaal jauregian egindako ekitaldian. 

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak banatu zituzten ziurtagiriak, eta UEMAko bost udal izan ziren ziurtagiria jaso zuten 25 erakundeen artean: Aizarnazabal, Aduna, Dima, Mutriku eta Segura. Era berean, enplegua sustatzeko Behargintza-Bermeo erakundeak ere jaso zuen saria.

Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala da. Publikoa eta doakoa da, eta esparru sozioekonomikoan zein publikoan euskararen presentziaren eta erabileraren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du. 2008tik gaur egun arte 393 erakundek jaso dute ziurtagiria, eta guztira 75.000 langile inguru dituzte erakunde publiko zein enpresa horiek.

Aurten ziurtagiria jaso duten 25 erakundeen artean, 17k goi mailako urrezko Bikain ziurtagiria jaso dute, 5ek zilarrezkoa eta beste hiruk oinarrizkoa. UEMAko kide diren udalen kasuan, denek urrezko Bikain ziurtagiria jaso dute. Gainera, aurten ere, Bikain ziurtagiria jaso duten udal guztiak dira UEMAko kideak.

Ziurtagiria eskuratu ahal izateko, erakundeak ebaluazioa egin eta gainditu behar izaten du. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzak nabarmendu zuenez, ebaluazioak egiten Bikain Ebaluatzaileen Klubeko ehun lagunetik gora aritu izan dira (2-4 ebaluazio-talde bakoitzeko), “bakoitzak duen onena erakundearen esku utziz, euskararen kudeaketa, presentzia eta erabileran hobetzen laguntzeko”. Guztira, Bikain ebaluazio klubean 750 pertsona daude, sektore eta lan alor askotarikoak. UEMAko kide diren eta ziurtagiria jaso zuten 5 udalek, zehazki, prozesu horretan eta egin beharreko lanetan UEMAren laguntza izan dute aurten ere.

UEMAko gainerako udalei dagokienez, horietako askok betetzen dituzte Bikain ziurtagiria lortzeko zehazten diren baldintzak, baina horiek denak batera ebaluatzeko eta bideratzeko zailtasunengatik, batzuk soilik hautatu dira 2019an ziurtagiria jasotzeko, beti ere udalerri euskaldunetako udalen aitzindaritza erakusteko asmoz. Iaz, UEMAko bederatzi udalek jaso zuten urrezko Bikain ziurtagiria: Ajangiz, Anoeta, Aulesti, Ikaztegieta, Itsasondo, Irura, Tolosa, Otxandio eta Zestoako udalek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!