Zirkuituko azken mendi duatloia berriro Adunan

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 22a, 19:59

Adunako II. Mendi Duatloia egingo da bihar arratsaldean, eta Euskal Herriko Zirkuituaren sailkapena erabakiko da bertan.

Bihar arratsaldean egingo da Adunako II. Mendi Duatloia. Plazan izango du irteera eta helmuga, eta 15:00etan hasiko da. Iaz bezala, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken proba izango da, eta, beraz, Adunako probako sailkapenaz gain, zirkuitu osoko sailkapena erabakiko da.

Lehen zatia korrika egingo dute parte hartzaileek, 3,4 kilometro eta 118 metroko malda positiboa, ondoren bizikletan 14,5 kilometro eta 541 metroko malda positiboa duen ibilbidea egingo dute, eta bukatzeko berriro korrika, 1,7 kilometro eta 59 metro malda positiboa duen ibilbidean. Zati batetik bestera aldaketa egiteko gunea herriko plazan bertan izango da.

Izena eman nahi duenak mendiduatloia.eus eta kirolprobak.com webguneetara jo dezake. Banaka 15 euro eta bikoteka 25 euro dira prezioak aldez aurretik. Egunean bertan, banaka 20 euro eta bikoteka 30 euro izango dira. Izena egunean bertan eman nahi duenak Adunako udaletxearen behealdean dagoen aretoan eman dezake, 14:00ak baino lehen.

Adunako herritar batzuk hasi ziren orain urte batzuk duatloietan parte hartzen eta Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituaren proba bat antolatzeko proposamena egin zioten udalari. Iaz egin zuten lehen aldiz eta aurten errepikatzea pentsatu dute. Xabi Tejeria Kirol zinegotziak azaldu duenez, «herrian talde bat osatuta dago antolakuntzarako, eta iazko esperientzia oso ona izan zen». Gainera, iazkoan, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren sari banaketa egin zen, sagardotegi batean afaldu eta gero. «Izugarrizko arrakasta izan zuen eta aurten berriro errepikatzea pentsatu dugu», esan du Tejeriak.

Afarira nahi duen guztia joan daiteke, eta txartelak Adunako tabernan daude salgai. Helduenak 26 euro eta 13 urtetik beherakoenak 13 euro izango dira. Afaria Aburuza sagardotegian egingo da eta 20:30ak inguruan hasiko da. Bestalde, duatloiaren sari banaketa egin ondoren, arratsaldean, Zabala sagardotegiak barrikotea jarriko du.

Haurren duatloia

Aurtengoan lehen aldiz antolatu dute haurrentzako duatloia. Herri inguruan dagoen zelai batean zirkuitu bat prestatuko dute eta haurrek aukera izango dute duatloia egiteko. Bihar goizean izango da, 11:30etik aurrera. Izena aurretik eman beharko dute, eta hasiera batean hiru maila zehaztu dituzte: 4-8 urte artekoak, 9-12 urte artekoak eta 13-16 urte artekoak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!