Gizarte globalean erantzun lokala

Jon Miranda Labaien 2019ko aza. 14a, 19:59

Adunako kultur astearen barruan, asteartean, 'Kultura da gakoa' hitzaldia eskaini zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakariak herriko elizan. Euskal Herriko garapen ereduaz duen ikuspegia eman zuen.

Eztabaida faltsuak bistaratu nahi izan zituen Juan Jose Ibarretxek asteartean Adunan. Horietan lehena kulturarekin zerikusia duena, lokala eta unibertsala kontraesanean jartzen dituena. «Norberak mahai gainean bere produktu propioa jartzen ez badu, mundu globalean azukre koxkorra bezala desagertuko da. Kultura da giltza». Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoaren iritziz euskaldunak ez gaude nazioarteko agendan, eta munduan egon nahi badugu, gizarte global honi erantzun lokala eman beharko diogu.

Horretarako gizarte zibilak eta erakundeek elkarrekin egin behar dute bidea eta Ibarretxek uste du askotan energiak alperrik galtzen direla. «Katalunian ere hor dago gakoa, burujabetzaren trenak aurrera egin dezan, ez dira bi bagoiak, erakundeena eta gizarte zibilarena, aldendu behar». Erakundeak dira bere ustetan autogobernuaren hezurdura eta eskuduntzak, berriz, giharrak. Eskubide historikoak oinarri hartuta aurrera egiteko proposamena luzatu, eta honenbestez, bigarren eztabaida faltsuaz hitz egin zuen, eskubide indibidual eta kolektiboak bereizten dituen eztabaidaz. «Zientifikoki baieztapen hori egitea akats ikaragarria da».

KULTURA EZINBESTEKO OSAGAI

Adunan emandako hitzaldian eskaintza zehatza egin zuen lehendakariak, segida batean: ikerkuntza, garapena, berrikuntza eta kultura. Aberastasuna geroz eta modu injustuagoan banatuta dagoen mundu batean paradigma aldaketa eman dela dio Ibarretxek: «Lehen aukeratu egiten genuen, eta orain gu aukeratuak izatera pasa gara; Eskaintzen dugunaren arabera aukeratuko gaituzte edo ez». Sozio ekonomiaren alorrean beste gezur bat mahai gaineratu zuen: «Sinetsarazi digute, hazkundeak garapena dakarrela eta ondorioz zoriontasuna, baina hazkunde ekonomiko handia duten herrialdeetan, non osasun sistema publikotik kanpora geratzen den herritarren parte handi bat, benetan herrialde garatua da?». Trump «immoraltzat» hartu zuen Ibarretxek eta «arriskutsua» dela esan zuen.

Mundu berrian kultura da gakoa. Izenburu horrekin eman zuen hitzaldia asteartean eta kultura esfera gisa ulertu beharrean modu poliedrikoan ulertzeko proposamena egin zuen. «Kultura bat bestearengandik distantziakide izan beharrean, askotarikoa den mundu bat defendatu behar dugu. Zer da hobea, 5.000 hizkuntza dituen mundu bat edo 500 dituena?».

Defendatzen duen ikuspegia zabaltzeko, errealitatea irakurtzen ikasi beharra dagoela azpimarratu zuen lehendakariak: «Ez dago asmatzerik diagnostiko zuzena egiten ez badugu, zer gertatzen ari den ulertzen ez badugu». Herritar kritikoak hezteko beharraz hitz egin zuen eta eskoletan abilidadeak bakarrik ez, sentsibilitateak lantzeko deia luzatu zuen. «Ikasleek gain hartu behar diete irakasleei, gu baino hobeak izan behar dute».

Ibarretxe, 1999tik 2009ra izan zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Kargua utzi ondoren, politika behin betiko utziko zuela iragarri zuen eta ordutik irakasle jardun du hainbat unibertsitateetan. Agirre Lehendakari Center erakundeko zuzendaria da zentroa sortu zenetik, 2013tik. Gizarte, ekonomia eta politika esparruko harremanak bultzatzeko helburua izango duten ikerketak sustatzen dituzte bertatik. Euskal Herriko garapen eredua hainbat erakunderekin kontrastatzen dute, nazioarteko komunitatearekin, eta asteartean, adibidez, Adunako herritarrekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!