Mugikorrean, herri osoa

Ataria 2019ko azaroaren 7a

AdunaZ aplikazioarekin, udalaren eta herritarren arteko komunikazioan aurrerapausoa eman nahi dute.

Adunako Udalaren notifikazioak jasotzeko aukera emango du aplikazio berriak: metereologia abisuak, bide mozketak, gogoratzeko oharrak...; Intzidentziak zuzenean udalari komunikatu ahal izango dizkiote herritarrek, argazkia eta posizionamendua jakinaraziz; Udaleko dokumentazio ofizialak, informazioa, mapa interaktiboa, garraio publikorako sarbideak eta herriko agenda jaso ahal izango dira AdunaZ aplikazioari esker; eta udalak luzatzen dituen inkestak erantzuteko aukera izango da mugikorra erabilita.

Edonor erregistratu daiteke aplikazio berrian horretarako datu errealak emanda, baina Adunan erroldatutakoek bakarrik erabili ahal izango dituzte zenbait aukera, inkestena, kasu.

Adunako Udalak aipatu duenez, «gomendagarria» da, ahal den herritar gehienek aplikazioa instalatuta edukitzea eta jakinarazpenak aktibatuta edukitzea, era horretara, bandoaz gain, mugikorrean ere jaso ahalko baitira abisuak. «Parte hartzeko modu ezberdin bat izango da, eta etorkizunean, herriko eragileek ere edukiko dute tokia».

Android eta iOS mugikorretan instalatu ahal izango da aplikazioa, Google Play edo AppStorean deskargatuta. Aplikazioa azaroaren 30a baino lehen instalatzen duten guztien artean Samsung Galaxy A50 bat zozkatuko da. AdunaZ aplikazioan bertan jakinaraziko da irabazlearen izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!