Buruari buelta asko eman ondoren EH Bilduko hautagai izatea onartu zuen Josu Amilibia Alsuak (Donostia, 1978) maiatzeko udal hauteskundeetan. Gustura ari da alkate gisa, «oso esperientzia aberasgarria» iruditzen zaio.
Zergatik erabaki duzu Adunako alkategai izatea hirugarren aldiz?
Aurreko legealdiaren amaieran buelta asko eman nizkion buruari, baina aurrera egiteko arrazoia da gustura nagoela eta pertsonalki oso esperientzia aberasgarria dela, asko ikasten da udaletxean. Herriaren egoera zein den ikusita eta nola ari ginen ikusita, iruditu zitzaidan beste legealdi bateko aukera bazegoela.
Taldean jende berria ere badago, ezta?
Bai. Zazpitik hiruk jarraitzen dugu eta lau berriak dira. Lanak banatu ditugu eta jarraitzen duten biek, Jone Olasagastik eta Arkaitz Izagirrek, aurreko ardura berdinekin jarraituko dute. Berriak egokitzen ari dira eta gu laguntzen ari gatzaizkie. Aurreko legealdietan ez bezala, beraiengana jo genuenean zerrendetan etorri nahi ote zuten galdezka, lehenengo txandan eman ziguten baiezkoa. Gogoz gaude lanerako.
Erreleboa baduzue?
Baietz espero dugu. Adunan eta Aduna bezalako herri txikietan zaila izaten da zerrendak osatzea eta alkategaiak aurkitzea. Baina guk jarraituko dugu bide honetan.
Antolaketari dagokionez, zuk jarraituko duzu udal kudeaketan arduradun nagusi, dedikazio osoz horretarako liberatuta.
Bai.
Herritarrek udalarekin zein harreman izaten dute Adunan?
Ez azkeneko bi legealdietan bakarrik, aurretik ere herrian badago ohitura udaletxera gerturatzeko eta udal arduradunekin harremana izateko. Herri txikia da eta gertuko harremanak ditugu, udalean ez dago hitzordua aurrez eskatu beharrik zinegotziokin hitz egiteko. Jendearekin komunikazioan sakondu nahi genuke eta horretarako mugikorrentzat aplikazio bat prestatzen ari gara. Agendak, abisuak, ekintzak jakinarazteko erabiliko dugu. Web gunearekin eta beste kanal batzuekin segituko dugu komunikazioan sakontzeko.
Txantxaenea izeneko eraikinean egiten ari zareten lanak noiz bukatuko dituzue?
Eraikinaren behealdeko lokala erosi zuen udalak 2016an. Lanak hasita daude eta aurki bukatzea espero dugu. Liburutegia udaletxeko goiko solairuan dago gaur egun eta bertara lekualdatuko dugu, horretarako altzariak erostekotan gaude egunotan. Gune bat izango da herriari bizitza emango diona. Liburutegia, orain, plazaren aldamenean, eskola, frontoia eta parkearen ondoan egongo da eta hori abantaila izango da erabiltzaileentzat. Umeen lokala ere jarriko dugu sotoan, euria egiten duenean gurasoak haurrekin bertan egon daitezen, margotzen, jolasten edo nahi dutena egiten. Terraza handia du lokal horrek eta han erretiratuentzat ere estalpe bat jartzeko asmoa dugu. Toki itxi bat izango da, aire egokituarekin, kalefakzioarekin eta erretiratuekin hitz egingo dugu bertan zer jartzea nahi duten jakiteko. Azkeneko asmoa, lokalaren zati batean denda-taberna jartzea da. Saltoki horren kudeaketa lehiaketara aterako dugu eta produktuak saltzeaz gainera, taberna funtzioa beteko du. Terrazan mahaiak jarri ahal izango ditu. Azken batean, ekintza ezberdinak egiteko bilgune bat izango da Txantxaenea.
Lanak amaitu ahala jarriko da martxan, akaso ez dena batera. Liburutegiaren lekualdatzea eta haurren lokala egokituko ditugu lehenik eta gero ikusiko dugu erretiratuentzako estalpea noiz jarri dezakegun abian. Espero dugu urtea bukatu aurretik izatea. Seguruena, denda-taberna izango da azkena, lehiaketara atera beharko dugulako zerbitzuaren kudeaketa eta prozedurak berak ere denbora daramalako. Guztia martxan udaberrirako izatea espero dugu.
Liburutegia egunero zabalduko duzue?
Aurreikusita dagoena da egunero zabaltzea arratsaldetan. Egunero, hiru ordu eta erdi edo lau orduz zabaldu nahi genuke astegunetan.
Hirigintza arloan presazko lanik egin beharra aurreikusten duzue?
Orain, Uztartza atzealdeko aparkalekuan ur depositu berria egiten ari dira. Erriberako industriagunea handitzen ari dira, bigarren faseari ekin diote eta hango urbanizazio lanek behartzen dute ur depositua lekuz aldatzea. Industriaguneko obren promotoreak du lan hori egiteko ardura eta orain Segotegin dagoen depositua aparkalekuko zonalde horretara eramango dute. Lanak bukatzean, aparkalekua berrituta geratuko da, eta hori baliatuko dute, argiteria eta zerbitzu guztiak pasata uzteko.
Buruan baditugu beste obra batzuk, baino presazkorik ez. Azkeneko urteetan, errematea eman diegu zenbait lani, baina seguruena sortuko direla eginbeharrak datozen lau urteetan. Esate baterako duela gutxi sortu zaigu kontu bat. Gipuzkoako Foru Aldundia GI-3610 errepidea konpontzen ari da Aduna eta Zizurkil artean. Udalak aspaldi eskatu zuen Adunako bidegurutzean semaforoa jartzea, abiadura handiarekin ibiltzen baitira ibilgailuak eta segurtasun gutxi dagoelako oinezkoentzat. Ezezkoa esan digute, hortaz, udalak bere kontura jarriko du semaforoa sakagailuarekin. Orain, obrak egiten ari direla aprobetxatuta, prestatuta utzi dugu ingurunea etorkizunean semaforoa jarri ahal izateko. 7.000 euro inguruko inbertsioa izan da eta egoki ikusten dugunean ekingo diogu semaforizazioari.
Zuek nola ikusten Zizurkilgo hainbat herritarrek saihesbidea egiteko eskatuz egin duten eskaera?
GI-3610 errepidearen egoera benetan penagarria zen. Herritarrek askotan adierazi digute kexua eta kezka. Zizurkil eta Adunako herriek Gipuzkoako Foru Aldundiari behin baino gehiagotan eskatu diote errepide hori konpontzeko, bai bakoitzak bere aldetik, eta elkarrekin ere bai. Azkenean lortu da lan horiek egitea.
Zizurkilgo saihesbidearena ez dugu gaizki ikusten. Zizurkilentzat oso mesedegarria izango da, baina eginez gero Adunako egoerari ere irtenbide bat emateko eskatuko dugu. Saihesbidea egiten bada, trafiko guztia, orain konpontzen ari diren errepide horretara bideratuko da eta Villabonako zubitik aterako da N-1 errepidera. Hor dago Adunako bidegurutzea eta baita Uparan industriagunera joateko bidea. Gaur egun trafikoa izugarria dago eta saihesbidea egingo balitz are kotxe gehiago pilatuko lirateke.
Beraz, egin behar badira egin daitezela saihesbidea eraikitzeko lanak, baina horrekin batera hel diezaiotela Adunako egoerari ere. Proiektu bat badago idatzita, non herrira igotzeko bidegurutzearen aldamenean eta Uparanera sartzeko bidearen ondoan errotonda bat aurreikusten den. Arregi-Etxabe lantegiaren atzealdetik, Unipapel parera konektatuko litzateke errepide berri bat eta ia Sorabillaraino doanarekin lotuko litzateke, bide zuzena geratuz. N-1 errepidean istripuak eta kotxe ilarak sortzen direnean, bide alternatibo bezala erabili ahal izango litzateke, gainera. Edozein modura, hau ez dago gure esku, Foru Aldundiaren konpetentzia da.
Erriberako industriagunean egiten ari diren lanak noiz bukatuko dituzte?
Irizarrekoa izan zen lehen fasea eta orain bigarren fasea urbanizatzen ari dira. Urte amaierarako bukatuta egotea espero da eta enpresa batzuk hasi dira pabiloiak eraikitzen. Ia dena beteta dago, beraz pentsatzen dut, batzordeko kideak eta lurjabeak hasiak izango direla hirugarren fasean pentsatzen. Falta den azkeneko zatia da hori, Unipapel eta ibaiaren artean dagoen partea.
Diru iturri bat da Adunako udalarentzat industriagunea. Egoera ekonomiko ona du udalak?
Bai. Duela pare bat urte zor guztia kitatu genuen eta ondo gabiltza. Diru sarrera handiak eduki arren, gastu handiak dauzkagu; 470 biztanleko herri bat izanda, udalak duen aurrekontua eta pertsonala ez dira gure tamainako herri bati dagozkionak, handiago baten parekoak baizik. Industriagunea mantendu egin behar da, errepide asko konpondu egin behar da. Diruaren erabilpena saiatzen gara tentuz egiten. Esate baterako, eraikuntzagatik udalak kobratzen duen zerga badakigunez gauza puntuala dela, eta jakitun garenez ez dela hurrengo urteetan errepikatuko, diru kopuru hori gauza puntualetan gastatu nahi izaten dugu. Ezin dugu diru hori pertsonal gehiago kontratatzen edo gero mantenua asko kostatuko zaigun azpiegitura bat egiten erabiliko. Azken batean, zerbitzuak edukitzeko lan egin behar dugu, baina herri batek ez ditu zertan denak eduki behar, bailara eta eskualde ikuspegia landu behar dugu proiektuak partekatzeko.
Herri gaztea al da Aduna?
Bai. Duela hiru urte begiratu nuen datua eta bataz besteko adina 38 urtekoa zen. Garai horretan, Gipuzkoako lehen 15 herri gazteenen artean geunden. Ume asko daude, baina piramidearen erdialdean 30 urtetik 35era bitarteko tarte horretan beherakada sumatzen da. Ume asko jaio diren urteak izan ditugu; Duela 10-12 urte saldu ziren etxebizitzetara etorritako jendeak ekarritako haurrak dira.
Gaur egun umeak direnak aurki hazi egingo dira, eta konturatzerako etxebizitza beharra izango duzue herrian. Zerbait pentsatu duzue?
Bai. Duela 10 urteko proiektua dago Kamio inguruko eremuan. Krisi ekonomikoarekin geldituta egon da, baina berriz ere hitz egiten hasi gara bertako promotoreekin. Udalak ez du zuzeneko esku hartzerik, baina hitzarmen bidez saiatuko gara etxebizitza horien prezioa mugatzen. Eremu horretan aurreikusita dago alde batean 24 etxebizitza eta beste aldean 18 egitea. Asko dira denak batera egiteko, eta aurrena 24koari heltzea daukagu pentsatuta, beste zatia bigarren fase baterako utziz. Udalak ahalegina egingo du herriaren hazkundea kontrolatua izan dadin, herrian zenbateko beharra dagoen, horren araberako etxebizitza kopurua egiten saiatuko gara. Zundaketa zehatza ez dugu egin baina jende asko galdezka etorri zaigu. Jende gaztea badago, baina badaude baita ere familia eredu berriak eta eskaera bat sumatzen dugu. Adunakoek Adunan geratu nahi izaten dute, herria ongi komunikatuta dagoelako eta bere xarma daukalako. Espero dugu legealdi honen amaierarako zerbait esku artean edukitzea eta etxebizitza proiektua martxan jarri ahal izatea.
Nola eragin dezakezue zuena bezala udal txiki batetik klima aldaketaren kontrako borrokan?
Badaude aukerak. Zerga politikan, adibidez, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuei hobariak ematea proposatu dezakegu, herritarrak argudio bat gehiago izan dezan gutxiago kutsatzen duen kotxea erosi dezan. Udal bezala dauzkagun kontsumo propioak berriztagarriekin estaltzea ere izan daiteke beste aukera bat. Azterketa bat egina daukagu Adunan, eguzki plakak jartzeko eraikin publikoetan. Madrildik zetorren legediak hori egitea zaildu egiten zuen orain arte eta aldaketak etorriko direla sumatzen denez, nahi genuke eraikin publikoetako kontsumoak eta argiteria guztia energia berriztagarriekin osatu. Ez bada posible guk zuzenean sortutakoa erabiltzea, sarera behintzat kontsumoaren adinako ekarpena egin nahi genuke, iturri berriztagarriak erabiliz. Eta gero, beste modu askotara ere eragin dezakegu. Araudiak gainetik daude, baina udalek eta herritarrek gure egitekoa daukagu eta etxeetan bezala udalean ere, norbere ohiturak aldatzetik hasten da iraultza, gure txikitasunetik.
Jardunean zara Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakari. Karguan jarraituko duzu?
Lehendakari aldaketa aurreikusten da. Hori esan dezaket oraingoz. Pare bat astetara egingo dugu batzarra eta hor egingo dira izendapen berriak.
Gustura zaude mankomunitatean egin duzun lanarekin?
Bai. Emaitzak hor daude. Ez bereziki azkeneko lau urteetan egindako lanagatik, duela bi legealdi egindakoagatik baizik. Mankomunitateak eta batez ere herrietan egin ziren aldaketek emaitzak eman zituzten. Azken legealdi honetan, beste zeregin batzuk egin behar izan ditugu, eta besteak beste, hondakinak biltzeko enpresarekin kontratu berria sinatu dugu sei urteetarako, urtero lau milioi eurokoa dena. Hori da mankomunitateak duen kontratazio inportanteena eta horren kudeaketak lan asko eman digu.
Azken hilabeteetan bilketa sisteman Andoainek egin dituen aldaketekin aurrerapauso garrantzitsuak eman dira eta mankomunitate gisa gaikako bilketa %68aren bueltakoa dugu. Herriz herri begiratuz gero, zenbait tokitan %80-90 inguruan gabiltza; hemen Adunan, adibidez. Konpostaje komunitarioa egiten dugu hemen eta gure herria, eta gurearekin batera eskualdeko beste herri txiki asko, eredu dira hemendik kanpora. Niri mankomunitateko lehendakari bezala egokitu zait toki ezberdinetara joatea hitzaldiak ematera eta aurreko astean adibidez, landa eremuan hondakinak nola kudeatzen ditugun ikustera etorri ziren txinatar batzuk Berastegira.
Bukatzeko zer mezu zabalduko zenuke adunarren artean?
Herri programan aipatu genuen bezala, askotan inbertsioak eta hirigintza lanak aipatzen ditugun arren, gure apustua pertsonak dira. Horretan sakonduko dugu, aisian, kirolean, kultura, gizarte zerbitzuetan eragin nahi dugu, pertsonen bizi kalitatea hobetzen duten gauzetan. Askotan ez zaie horiei garrantzia ematen, baina pertsona zoriontsu eta ikasiak bihurtzeko ezinbestekoak dira. Ikastaroak, eskolaz kanpoko jarduerak edota kultur ekitaldiak diruz laguntzeko prest gaude, beti, Adunako Udalean.