Adunako jaiak 2019

Eguna argitzerako oilasko bila

Irati Saizar Artola 2019ko abuztuaren 17a

Adunarrak oilasko biltzetik plazara iritsi direnean, oilasko jokoa egin dute eta III. Urrezko Oilaskoaren saria banatu dute: Manu Iraola izan da irabazlea. 

Eguna argitzear zela abiatu dira Adunako gazteak oilasko bilketara. Ohitura dute baserriz baserri ibiltzearena. Garai batean, oilaskoak biltzen zituzten ondoren, plazan, lepoa mozteko; egun, ordea, plastikozkoekin egiten dute.

Eguerdirako iritsi dira plaza ingurura, trikiti doinu artean, oilasko biltzen ibili diren gazteak. Suziriak jaurtiz hartu dute plaza, baina aurrez, beroketa lanak egite aldera, fandangoa eta arin-arina dantzatu dute ostatuaren aurrean.

Behin udaletxe atarira iritsita, oilaskoaren jokoa egin dute: Ezpata baten laguntzaz, kaxa batean sartuta zegoen plastikozko oilaskoari lepoa moztu behar izan diote begiak estalita. Jarraian, III. Urrezko Oilaskoaren sari banaketa egin dute. Hirugarren urtez, herriko baserritarrek plazara eraman dituzte euren oilaskoak. Dotoreenak jaso du saria: Ulanberro baserriko Manu Iraolak.

Dantzan amaitu dute goiza eta festa amaitu ezinik geratu dira guztiak. Bihar izango dute azken eguna, eta azken indarrak gordeta dituzte egitarauak aipatutako ekintzetan parte hartzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!