Arte eszenikoak ikasgai gisa

Jon Miranda Labaien 2019ko abu. 2a, 10:17

Asvineneak Topa arte eszenikoen topagunea antolatu du abuztuaren 20tik 24rako. Zirkuari, dantzari eta antzerkiari lotutako diziplinak landuko dituzte bost egunetan.

Iaztik martxan da Euskal Herriko lehen zirku ibiltaria: Gure Zirkua. “Lehen ere bazegoen mugimendua gure ingurunean, baina ez zen hain agerikoa”, esan du Irati Gonzalez Jaimerenak (Irun, 1986), Asvinenea arte eszenikoen laborategiko kideak. Zirkua boladan dagoela aprobetxatu nahi dute arte eszenikoekin zerikusia duten beste hainbat diziplina ezagutarazteko eta zabaltzeko. Iaz antolatu zuten lehen aldiz topagunea, eta 50 lagun baino gehiago bildu zen. Arrakasta ikusita, arte eszenikoen inguruko saioa berriz egitea erabaki dute aurten, eta izena eman nahi dutenek Asvinenea laborategiaren Facebook orrian edo 606-22 64 86 telefono zenbakian eman ahal izango dute.

Duela hamabost urte Adunan sortu zuten espazioaren sortzaileetako bat izan zen Carlos Lopez tolosarra, eta, gaur egun, Bartzelona aldean zirkuaren munduan dabil bere alaba, Asvin. Laborategiaren kudeaketa lanetan aritzen da Garazi Pascual Esnaola (Lastur, Deba, 1989), eta, hark azaldu duenez, iaz ezagutu zuten Asvin; harreman horretatik sortu zen topagunea egiteko ideia: “Egun batetik bestera bururatu zitzaigun, eta aurrera egitea erabaki genuen”.

Lau eguneko tartean hamabost irakasle ariko dira laborategian. Argentinatik, Alemaniatik, Frantziatik, Italiatik eta Kataluniatik iritsiko dira, eta Euskal Herrikoak bertakoak ere ariko dira. “Frantzian eta Italian zirku ikasketak egin ditut nik, eta bidean ezagututako lagunak gonbidatu ditugu”, azaldu du Pascualek. Asvinenean halako topaketa bat antolatzeko “baliabide falta” ere nabarmendu dute laborategiko kideek: “Artistak beren borondatez datoz irakasle lanak egitera, euren oporraldian, eta eskertzekoa da”.

Iraitz Lizarraga Gomez (Zizurkil, 1979) aspalditik ari da aktore lanean, eta urte hauetan guztietan egoerak hobera egin duela uste du; hala ere, oraindik profesionalizazio mailan urratsak egin behar direla aldarrikatu du Lizarragak: “Jendeak badu arte eszenikoen afizioa, baina gero gutxi aritzen dira profesionalki arlo honetan. Pauso hori ematen lagun dezakete Asvineneak eta antzeko espazioek”.

Gaur egun, hamar bazkide elkartzen dira Asvinenean. Taldeak hiru urte daramatza espazioa kudeatzen, eta tailerrak, topaketak eta ikuskizunak antolatzen dituzte urte barruan. Aurreko garaiak ere ezagutu izan ditu Lizarragak: “Duela hamabost urte, sortu zenean, txotxongilo munduan aritzen zirenek kudeatu zuten espazioa, eta gerora landu izan dira clowna eta dantza afrikarrak. Zirkuarekin zerikusia duten diziplinak lantzen ari gara azken urteotan, eta aurreko garaietatik datozen egitasmoei ere eusten diegu, poltsikoko antzerkiaren lehiaketari edo Kbaretari, esate baterako”.

Aukera asko ematen du Adunako Zubitxiki poligonoan dagoen aretoak: diziplina ezberdinetarako gakoak, soinua eta argia dauzka, baita aire diziplinak lantzeko altuera egokia ere. “Jakin-mina duen jendearentzako aukera zabaldu nahi dugu tailerretan eta ikastaroetan, baina, horrez gain, uste dugu artista profesionalek erabiltzeko modukoa dela espazio hau; aukera paregabea dauka ikuskizun bat muntatu eta egunerokotasunean entrenatu nahi duenak”, adierazi du Pascualek. Funtzio ezberdinetarako erabili nahi duten laborategi gisa definitu dute Asvinenea, eta bazkide gehiago jasotzeko prest daude.

Diziplinak, elkar aberastuz

Gipuzkoan arte eszenikoetara bideratutako espazio bakarra da, “elkarte gisa eta modu autogestionatuan” funtzionatzen duen bakarra. Erabilera eman nahi diote espazioari, eta, besteak beste, Asvinenea ezagutarazteko baliatu nahi dute abuztuko topagunea. “Zirkuaren munduan lanean ari den jendea erakarri nahi dugu, baina baita antzerkiaren munduan edo dantzan dabilena ere. Bat datoz hiru diziplinak, eta elkar aberasteko balio dezakete”.

Hainbat ikastaro egingo dituzte abuztuaren 20tik 24ra: telak, soka, baskula, minibola… Bizpahiru ordukoak izango dira tailerrak, eta beste bi ikastaro intentsibo ere eskainiko dituzte horrez gain: “Eskujokoen inguruko bat, hamabi ordukoa, Keko Salvador valentziarrak eskainiko duena; eta antzerki fisikoaren ingurukoa, Pablo Volo mimika irakasle entzutetsuak zuzenduko duena”. Ikastaro horiekin batera, bi ikuskizun ere prestatu dituzte Adunan, abuztuaren 23 eta 24rako. Herriko frontoian formatu txikiko bi ikuskizun egingo dituzte ostiralean, eta Kbareta ikuskizuna egingo dute larunbatean; aste osoan irakasle lanetan ariko direnek parte hartuko dute bertan.

Ikasi nahi dutenek, “edo besterik gabe ikusmiran gerturatu nahi dutenek”, aukera ona izango dute abuztuaren 20tik aurrera. Belardi bat ere badago Asvinenea laborategiaren kanpoaldean, non kanpin denda, karabana edo furgoneta jar daitezkeen. Sukaldea ere badute, otorduak egin ahal izateko, eta dutxa ere badago: “Bizirik irauteko gutxienekoak baditugu, eta, beraz, ez dago aitzakiarik topagunera ez biltzeko”, biribildu du Gonzalezek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!