Adunako jaiak 2019

"Gozatzeko aukera izaten dugu, baina beti alertan egoten gara"

Irati Urdalleta 2019ko abu. 9a, 11:00

Herri txikia izanda ere, zazpi eguneko festak dituzte prest Adunan. Besteak beste, danborrada, buruarin tailerra, antzerkia, pala txapelketa eta Gozategi dira nobedadeak.

Ama Birjin eguna dela eta antolatzen dituzte festak Adunan, baina aurreko asteburutik hasten dira festan, zazpi eguneko egitaraua osatuz.

Jai horiek antolatzearen ardura festa batzordeari dagokio, eta bertako kideetako bat da Ainhoa Arruti. Berak jendea animatu nahi izan du Adunara gerturatzeko, «berrikuntza dezente daudelako eta ikustea mereziko dutelako».

Festak antolatzen ari zarete. Nola joan da prozesua?

Lehen, beti azkeneko momentuan korrika eta presaka ibiltzen ginen. Aurten, berriz, lehenago hasi gara eta ondo joan da prozesua. Behin elkartuta, egunak zehazten ditugu lehenengo. Ondoren, musika taldeak lotu nahi izaten ditugu, baina beti azkena lotzen amaitzen dugu. Horrela, pixkanaka, egunak antolatzen joaten gara. Abuztuan garai txarra tokatzen zaigu, leku askotan izaten direlako festak.

Zazpi eguneko festak antolatzen dituzue. Ez al zaizue luze egiten?

Niri ez. Gainera, aurten motzagoak egingo zaizkit, egun batzuetan ez nagoelako. Hala ere, jendeak esan izan digu lau egun nahikoa eta soberan direla.

Festa Batzordeko kide izanda, gozatzeko aukerarik egoten al da?

Bai. Agian, egunen bat hartu behar duzu zure kargu edo zerbait falta bada ere zuregana jotzen dute, baina gozatzeko aukera egoten da. Hala ere, beti alertan egoten zara.

Izen bitxia du lehen ekintzak baita festen hasiera iragartzen duenak nahiz amaierakoak ere. Zer dira zehazki?

Batzordeko kide batek proposatu zuen buruarinen tailerra egitea. Izan ere, txupinazoa botatzen denean, buruhandiak ateratzen dira eta beti herriko gazteak ateratzen dira jantzita. Horrela, aukera eman nahi izan diegu herriko umeei bakoitzak bere buruarina egiteko, eta hogei ume ingururentzako tailerra izango da.

Ideia hori bota zuenak berak proposatu zuen kukurrukuarena ere. Pertsonaia hau oilasko bat izango da eta kanpandorretik udaletxeko balkoira jaitsiko da, txupinazoa botatzen denean. Azken egunean, berriz, gora igoko da.

Aurten adin desberdinetako jendea bilduko zarete mahaiaren inguruan oilasko biltzaileen, umeen eta 60 urtetik gorakoen bazkarian.

Hiru bazkari daude egun berean, baina leku desberdinetan izango dira. Umeena elkartean egiten da, guraso elkarteak antolatuta, 60 urtetik gorakoena tabernan egiten da eta musika ere edukitzen dute eta oilasko biltzaileena sagardotegian egiten dugu. Afaria, berriz, aurreko urtean, elkartean prestatu zigun kuadrilla batek eta aurten beste batek egingo du.

Berrikuntza ugari sartu dituzue aurtengo festetan.

Bai, buruarinetatik hasita. Caldereria Aburuza Pala Txapelketa ere antolatu dugu, batez ere, nesken parte hartzea bultzatzeko asmoarekin. Landare lehiaketa ere bere garaian egiten zen, baina nik ez dut ezagutu. Helduek oroitzapenak berreskuratzeko ekintza polita iruditu zitzaigun. Aurten, Zoaz pake santuan antzerkia ere ekarri dugu, eta elizan egingo denez, aproposa izango da. Bestalde, orain arte deskantsu eguna zenean, danborrada egingo dugu. Festa batzordeko batek eta beste batek izan zuten ideia eta probatzea erabaki dugu. Donostiatik utzi dizkigute danborrak eta barrilak eta herriko bi emakume jarriko dira zuzendari. Lehenengo afaldu egingo dugu eta 23:30ak aldera hasiko gara. Azkenik, Gozategi ere ekarriko dugu.

Hala ere, azeri dantza edo oilasko biltzea bezalako ekintza tradizionalekin ere jarraituko duzue.

Bai. Azkenean, Adunako festen oinarri dira. Hainbeste urtetan iraun duten tradizioak dira eta nik uste mantendu beharrekoak direla. Lehengo urtean, esaterako, hiru neska atera ziren lehenengoz azeri dantzan, eta oso ona izan zen. Tradizioak mantentzeko diren arren, berritu ere egin behar dira. Oilasko biltzea ere egon ginen hiru edo lau urtez egin gabe eta duela bi urte berreskuratu genuen. Bertan, mozorrotuta ateratzen gara, dantza egiten dugu eta plastikozko oilaskoari burua mozten saiatzen gara.

Musikari ere garrantzia ematen diozue, ezta?

Bai. Azkenean, herri txikietako festetan hemengo musika jartzen dugu: trikitia. Baina Adunara, nik behintzat, ez nuke besterik ekarriko. Hala ere, DJ-a ere edukiko dugu.

Egun bete-beteak dituzue.

Oso egun ederrak dira. Txekor jatean, goizetik hasten dira lanean, sagardo dastaketa eta pintxoak egoten dira baita bazkaria eta afaria ere. Ama Birjin egunean, diana egoten da, meza, dantzak, bertsolariak eta antzerkia. Egun polita iruditzen zait. Normalean, familiarekin bazkaltzen da eta herrian bizi ez direnak ere etortzen dira. Ateratzeko eta jendea biltzeko aukera ikaragarria ematen duen eguna da. Umeek puzgarriak edukiko dituzte goizez eta arratsaldez eta mago bat ere bai. Oso gustura ibiltzen dira, eta festak egun honen zain igarotzen dituzte. Azkenik, Kuadrillen Egunean giro desberdina da. Beste herri batzuetan kuadrilla bakoitzak bere janaria eramaten du eta uste dut hori dela desberdintasuna. Hemen, urtero kuadrilla batek guztientzat prestatzen du eta beste giro bat sortzen da. Niretzat, Oilasko Biltzaileen Eguna eta Kuadrillen Eguna bizitzen ditu gehien jendeak.

Festak parrandan amaitzeko aukera egongo da Kuadrillen Egunarekin.

Hemen jendeak aitzakia gutxi behar izaten du horretarako. Azkenean, egun suabeena bihurtzen da askotan okerrena. Afaldutakoan, mozorrotu eta plazara igotzen gara eta hor sortzen da festa. Aurten, umeak helduz eta helduak umez jantziko gara.

EGITARAUA:

ABUZTUAK 10, LARUNBATA

10:00.
Buruarinen tailerra.

12:00.
I. Caldereria Aburuza Pala Txapelketa.

17:00.
XVI. Trans-Ernio Pilota Txapelketa.

ABUZTUAK 11, IGANDEA

TXEKOR-JATE EGUNA

11:00.
Herri krosa.

12:00.
Sagardo dastaketa.

12:30.
Landare lehiaketa (12:00ak baino lehenago aurkeztu beharko dira).

14:00.
Txekor jate bazkaria.

18:00.
Toka txapelketa.

19:30.
Bide batez musika taldea.

21:00.
Txekor jate afaria.

Ondoren.
Bide batez musika taldea.

ABUZTUAK 14, ASTEAZKENA

19:00.
Lehena gora, Kukurruku behera eta pregoia.

Ondoren.
Pintxoak eta barrikotea.

20:30.
Afaria, Euskal Parrillaren eskutik.

23:00.
Izer eta Alabier musika taldea.

ABUZTUAK 15, OSTEGUNA

AMA BIRJIN EGUNA

07:00.
Diana.

11:00.
Meza nagusia.

12:00.
Umeen dantza saioa.

Ondoren.
Azeri dantza.

18:30.
Tio Teronen semeak taldea.

19:30.
Bertso saioa: Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Unai Mendizabal. Gai jartzailea: Amaia Agirre.

22:30.
Zoaz pake santuan! antzerkia.

ABUZTUAK 16, OSTIRALA

20:30.
Danborjotzaileen afaria.

23:00.
Adunako I. Herri Danborrada.

ABUZTUAK 17, LARUNBATA

Oilasko biltzaileen eta umeen eguna

06:00.
Oilasko bilketaren hasiera.

11:30-13:00.
Puzgarriak eta jolasak haurrentzat.

13:00.
Oilasko jokoa eta III. Urrezko ollaskua.

14:00.
Umeen, oilasko biltzaileen eta 60 urtetik gorakoen bazkaria.

Ondoren.
Eriz magoa.

16:00-19:30.
Puzgarriak eta jolasak.

21:00.
Oilasko biltzaileen afaria.

23:30.
Gozategi musika taldea.

ABUZTUAK 18, IGANDEA

KUADRILLEN EGUNA

14:00.
Kuadrillen bazkaria.

Egunean zehar.
Oria txaranga.

19:00.
Kuadrillen arteko jokoak.

20:00.
Ogitartekoak.

Ondoren.
DJ Bull eta Mozorro Gaua. Helduak umez mozorrotuko dira eta umeak helduz.

00:00.
Azkena gora!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!