Arte eszenikoen topagune izango da Asvinenea

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 5a, 15:59

Abuztuaren 20tik 24ra 'Topa!' jardunaldietan ikastaroak eta ekitaldiak egingo dira Adunan kokatuta dagoen laborategian.

Asvinenea duela 15 urte martxan jarri zen arte eszenikoen sustapenerako laborategia da. Bigarren Topa! jardunaldiekin, helburu bikoitza lortu nahi dute antolatzaileek, Asvinenea espazio artistiko moduan ezagutaraztea, eta bestetik, bertan mugitzen diren arte agerpen guztiei bultzada ematea. Gipuzkoa eta Euskal Herrian lan egiten duten artistak elkarren artean ezagutu eta esperientziak partekatzeko gunea izatea nahi dute, irakasle eta ikasleen artean jakintza trukea erraztuko duen espazioa.

Programa zabal eta askotarikoa prestatu dute abuztuaren 20tik 24ra, diziplina ezberdinak ezagutarazteko helburuarekin. Publiko orokorrari zabaldutako programa da, profesional zein zaletuei, orokorrean arte eszenikoetan interesa dutenei. Horretarako Adunan kokatuta dagoen laborategian baliabide asko izango dituzte eskura parte hartzaileek: sukaldea, komuna, antzokia, belazea... Izena eman nahi dutenek, aukera dute Asvineneako Facebook orrian, edo 606 22 64 86 telefono zenbakian.

Eskaintza zabala

Antzerkia, zirkua edo dantzaren inguruko tailerrak eskainiko dituzte, eta besteak beste, malabareen ikastaro berezia eskainiko du Keko Salvador valentziarrak. Objektuari lotuta izenburupean, malabaristaren gorputzak eta mugimenduak espazioarekin duen harremana landu eta memoria koreografikoa sustatuko du. Pablo Volo zuzendari italiarra ere Adunan izango da. Antzerki fisikoaren inguruan ariko da azalpenak ematen eta mimo teknika erabiliz emango ditu azalpenak. Hauekin batera, Italiatik, Argentinatik eta Herrialde Katalanetatik etorritakoek jardungo dute.

Tailer eta ikastaroez gain, ekitaldiak egingo dira: abuztuaren 23an zirku ikuskizuna izango da Adunako frontoian, eta hurrengo egunean, ongintzazko Zirku Kbareta antolatu dute toki horretan bertan. Emanaldi horretan borondatea jasoko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!