Aimar Irigoien garaile, Gorostidi harriaren txapelketan

Irati Urdalleta 2019ko mai. 5a, 20:28

Zazpi harri-jasotzailek parte hartu duten proban, Aimar Irigoien izan da bost harriei bi altxaldi ematen azkarrena. Adunako frontoia herri-kirolzalez bete da norgehiagorako.

Faboritoa zen eta bete dira pronostikoak, Aimar Irigoienek irabazi baitu XIII. Gorostidi harriaren txapelketa. Jendetza elkartu da Adunako frontoian harri jasotzeaz gozatzeko. Berez, bederatzi harri jasotzailek parte hartu behar bazuten ere, lesioak medio, zazpi izan dira Adunara gerturatu direnak: Aimar Irigoien (Errezil), Jokin Eizmendi (Zarautz), Aimar Galarraga (Orio), Xabier Peñagarikano (Aizarnazabal), Imanol Illarramendi (Aia), Gorka Etxeberria (Orio) eta Josetxo Urrutia (Leitza). Aurrean izan dituzte 160 kiloko zilindro zaharra, 155eko errektangular zaharra, 139 kiloko harri baldarra, 150eko kubikoa eta 100 kiloko bola eta bakoitzari bi jasoaldi eman behar izan dizkiote.

 

Aimar Irigoien izan da azkarrena, minutu 1, 53 segundo eta 51 ehunen behar izan baititu. Ondoren, Jokin Eizmendi sailkatu da 2 minutu, 27 segundo eta 40 ehuneneko denborarekin. 3.na izan da Aimar Galarraga lanak 3 minutu, 20 segundo eta 65 ehunenean eginda. 4. izan den Xabier Peñagarikanok 3 minutu, 59 segundo eta 37 ehunen behar izan ditu lanak amaitzeko. Imanol Illarramendi izan da 5.na 4 minutu eta 11 ehuneneko denborarekin. Gorka Etxeberria 6. sailkatua izan da lanak 5 minutu, 22 segundo eta 90 ehuneneko denboran amaituta. Azkenik, Josetxo Urrutiak ez du lortu 150 kiloko harri kubikoa jasotzea.

 

Beste erronka bat ere bazegoen: 185eko zilindroa esku bakarrarekin jasotzea. 500 euroko saria zegoen lortuz gero, baina inor ez da ausartu harria altxatzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!