Irigoienen eta Eizmendiren arteko lehia aurreikusten dute berriro

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 3a, 19:59

Gorostidi Harriaren XIII. Txapelketa egingo dute, igandean, Adunako frontoian, 18:00etan hasita.

Hitzordu berezia bihurtu da, Gorostidi Harriaren Txapelketa, harri-jasotzaileen eta herri kirol horren zaletuen artean. Igandean, Adunako frontoian jokatuko dute, XIII. aldiz, 18:00etan hasita, eta sarrera borondatea izango da. Zazpi harri-jasotzailek parte hartzea ziurtatu dute, eta horietatik bi dira, azken urteetan gertatu den moduan, txapela janzteko faboritoak: Jokin Eizmendi eta Aimar Irigioien.

Beste bost harri-jasotzaileak Aimar Galarraga, Josetxo Urrutia, Gorka Etxeberria, Imanol Illarramendi eta Xabier Peña dira. Kartelean beste bi ere agertzen dira: Sergio Mielgo eta Beñat Telleria. Mielgok antolakuntzari azaldu dioenez, min hartuta dago, eta ez du parte hartuko. Telleriak ere badu arazoren bat, eta ez du ziurtatu igandean Adunan lehiatzen izango denik.

Bost harrirekin aritu beharko dute harri-jasotzaileek: 139 kiloko baldarra, 160 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa, 100 kiloko bola eta 155 kiloko errektangularra. Aurreko lau bat urteetan zilindro zaharrekin aritu izan dira, beraz, aurten berritasun hori izango du txapelketak. Bost harri horiei bina jasoaldi eman beharko dizkiote harri-jasotzaileek, eta lana denbora gutxienean egiten duena izango da txapelduna.

Iñaki Gorostidi harri-jasotzaile ohiaren izena du txapelketak, eta berak ere antolakuntzan parte hartzen du. «Eizmendi eta Irigoien ariko dira ziurrenik txapelaren borrokan, baina agian beste norbaitek ezustekoa eman dezake», esan du Gorostidik. Zozketa bidez zehazten da parte hartzaileen hurrenkera. Hori bai, antolakuntzak hala erabakita, Eizmendi eta Irigoien izaten dira bi azkenak parte hartzen eta beraien artean beste zozketa bat egiten dute, bien arteko hurrenkera zehazteko.

Urtero bezala, txapelketatik aparte, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrez igotzeko saiakera egiteko aukera izango da. Jasotzen duenak 500 euroko saria izango du. Harri hori bera igo zuen Gorostidik, esku bakarrez, 77 kilo pisatzen zituela, eta horregatik jartzen da, urtero, erronka hori. Urte hauetan guztietan saiakera bakarra izan da: Ostolaza saiatu zen, baina harria erori eta puskatu egin zen. «Ez dakigu aurten norbait animatuko den saiakera egitera», esan du Gorostidik: «Berezitasuna ematen dio harri horrek txapelketari, eta hortxe izango da, aurten ere, frontoian. Ea norbait animatzen den, eta harriari heltzen dion».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!