Ainhoa Lakuntza txapeldunorde geratu da binakakoan

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 18a, 16:00

Adunarrak Granadorekin osatu du bikotea Emakume Master Cup txapelketan. Aurretik hasi arren Oses eta Etxegaraik irabazi dute txapela Promozio Mailan.

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak berriz ere erakutsi du ez dela egun bateko lorea eta luzaroan irauteko ekimen bat dela berretsi du txiki geratu zen Zumarragako pilotalekuan. Giro bikaina izan zen Beloki pilotalekuan eta asko izan ziren sartu ezinda geratu zirenak. Jende horri erantzuteko, Zumarragako Udalak Zelai Arizti zinema ireki zuen pilotazaleek bi final oso desberdin pantailan ikus ahal zitzaten. Lehen mailakoan Leire Garai eta Leire Etxanizek jantzi zituzten txapelak eta promoziokoan, aldiz, Oses eta Etxegarai oñatiar gazteek. Lau eta erdikoan Azkoitian gertatu bezala, lehen mailako finalean emozio apur bat gehiago egotea falta izan zen, baina egun borobila atera zen.

Izan ere, azkarregi erabaki zuten Leire Garaik eta Leire Etxanizek euren partida, 12-0eko partzial batekin. Egia da markagailuak erakusten zuena baina alde txikiagoa izan zela kantxan, baina gasteiztarrak eta Etxebarrikoak uste baino errazago irabazi zuten historiarik gabeko finala. Errenteriako finalerdien ostean final parekatua espero zen arren, Leire Garaik eta Leire Etxanizek bikain eraman zuten kantxara etxetik ekarritako partidaren gidoia. Urdinek argi zuten euren garaipenerako giltza atzean zegoela, han Leire Etxanizek sekulako bermea ematen baitu piloteoa luzatzen den eran. Leire Garai arabar gazteak ere oso partida eraginkorra osatu zuen, aurrean nahastu ez eta pilota, ahal zuen bakoitzean, atzean baztertuz lanez gainezka aritu zen Mirian Arrillagari. Patri Espinar jokoz kanpo uzteko asmoa ere bete-betean lortu zuten, Usansolokoak oso urrutitik aritu behar izan zuen erasoan eta huts gehitxo pilatu zituen. Gauzak horrela, uste eta espero baina errazago jantzi zuten txapela Garai eta Etxanizek.

Emozioa promoziokoan

Oso bestelakoa suertatu zen promozioko finala non, 13 urteko Etxegarai-Oses gazte oñatiarrek, sekulako patxada eta kemena erakutsi zuten oso kontran jarri zitzaien partidari buelta emateko. Pilota jaitsiz eta euren joa nagusituz, Granado-Lakuntza 2-8 aurreratu ziren markagailuan eta Hernanikoak eta Adunakoak dena kontrolpean zutela zirudienean heldu zen txantxikuarren erantzuna. Gordexolako kanporaketan ere emana zioten buelta antzeko egoera bati, Uxue Osesek bikotearen zama bere gain hartu zuen eta lehia irauli zuen, batez ere aurkariak mugiarazten eta pilota baztertzen asmatu zuenean. Etxegarairen sake bati esker berdindu zuten partida lehen aldiz hamabinakoan eta hortik aurrera Aloña Mendiko pilotariak nagusitu ziren, 18-15, euren zale ugarien gozamenerako.

Sari bikoitza izan zuten Oñatiko klubeko pilotariek, izan ere, partidak amaitutakoan antolakuntzak euren klubari sari berezi bat eman zion, bera izan baita txapelketan pilotaririk gehien aurkeztu duen euskal taldea.

Eta podimuean ere izan zen une hunkigarririk, Patri Espinar ikurrina gainean zuela igo baitzen bere saria jasotzera, Bixintxo Bilbao eta, batez ere, Dunixe Larralderi elkartasuna adierazi asmoz. Pilotari lapurtarra Kubako Mundialeko podiumean ikurrina erakusteagatik zigor handia jaso zuen eta Bartzelonako Joko Olinpikoetan parte hartu ezinda geratu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!