Txapelaren bila joango da Lakuntza, igandean

Imanol Garcia Landa 2019ko martxoaren 15a

Lehenengo aldiz ari da parte hartzen, Ainhoa Lakuntza adunarra, eskuz binakako Emakume Master Cup txapelketan, promozio mailan, eta finalera iritsi da. Maria Granadorekin batera lehiatuko da atzelari adunarra, igandean, Zumarragan, 12:00etan hasiko den partidan.

Madalen Etxegarai eta Uxue Oses oñatiarrak izango dira aurkariak. «Pare bat partida ikusi dizkiogu», esan du Lakuntzak. «Atzelariak dena ekartzen du eta, beraz joko polita sortu beharko dugu. Partida gogorra izango da, eskuek sufrituko dute, baina nik uste dut bi bikoteek irabazi ahal dugula. Opari gutxien egiten duenak jantziko du txapela. Gu, behintzat, irabaztera joango gara. Ez zara egunero iristen final batera».

Hain justu, ez zuten finalera iristea espero. «Hasieran, brometan esan genuen gure helburua zela kamiseta lortzea, eta horretarako finalerdietara iritsi behar genuen», esan du Lakuntzak. «Behin finalera pasatuta, orain txapelaren bila goaz. Guztira 96 pilotari aritu gara txapelketan, eta hori dezenteko kopurua da».

Txikitan eskuz aritzen zen pilotan, Lakuntza. «Hamabi urterekin-eta mutilekin ibiltzen ginen, eta hor ezberdintasunak izaten ziren, indarraren aldetik, eta palara pasatu nintzen. Palan urte batzuez ibili nintzen eta gero utzi egin nuen». Aurreko urtean Gasteizera joan zen ikastera, eta han talde bat sortu zen pilotan eskuz aritzeko, eta bertan izena eman zuen. «Oso gustura ibili nintzen eta aurten ere izena eman nuen». Pilotako talde horretan elkar ezagutu ziren Lakuntza eta Granado, eta txapelketan izena ematea pentsatu zuten.

«Txapelketa ondo joan da, eta partida batzuk nahiko erraz joan dira, hasieran horrela izango zenik pentsatu ez bagenuen ere», esan du Lakuntzak. «Pixkana joan gara, eta finalera iristea lortu dugu». Txapelketan zehar Lakuntzak eta Granadok ez dute asko entrenatu elkarrekin, baina, txapelketak aurrera egin ahala, hasieran baino hobeto moldatzen joan direla esan du adunarrak, eta hasieratik elkarrekin «oso gustura» aritu direla elkarrekin.

Aurreko asteburuan jokatu zuten finalerdia. Galtzen hasi ziren. «Hamabi urteko pilotari batzuen aurka jokatuko genuela jakitean, pentsatu genuen, guk indar gehiago izanik, partida atzean egongo zela. Baina ez, dakit gure urduritasunagatik edo zergatik, 5-0 aurreratu ziren. Gero hobetu genuen, eta pilotak atzera botatzen genituen, beraien akatsak bultzatuz». Igandeko finalak beste itxura bat izango duela dirudi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!