Martxoaren 8a ere ospatu zuten Adunan. Etxafuegoa botata eman zioten hasiera egunari. Ondoren, eskualdeko kotxe karabanan parte hartu zuten eta Aiztondo bailarako mugimendu feministak antolatutako manifestazioan izan ziren.
Adunako Emakumeek datorren ostiraletik aurrera, beste hainbat ekimen antolatu dituzte. Besteak beste, martxoaren 30ean pintatu asmo den horma irudiaren harira, irudi horretan azalduko diren leloak erabakitzeko lehiaketa jarri dute martxan. Leloak adunakoemakumeak@gmail.com helbidera bidali beharko dira, Lelo Lehiaketa gaiarekin. Tabernan edo eskolan jarrita egongo diren kutxa moreetan ere sartu daitezke proposamenak. Jasotzen diren leloak Adunako Udalaren Facebook-ean argitaratuko dira eta irabazleak horma irudian sartuko dira.
Martxoak 15, ostirala
19:00. Virginia Imazen, La recordadora ikuskizuna, gazteleraz eta helduentzat Elordi plazako lokaletan.
Martxoak 22, ostirala
19:00. Ama, nora goaz? dokumentala eskainiko dute eta Iban Gonzalez zuzendaria bertan izango da lan honen inguruko azalpenak emateko.
Martxoak 28, osteguna
17:00. Ipuin kontaketa saioa Kontukantoi taldearen eskutik: Baziren behin... neska abenturazaleak eta mutil ameslariak Elordi lokalean.
19:00. Adunako emakumeek lilatoian izan duten esperientziaren inguruko mahai ingurua kultur aretoan.
Martxoak 30, larunbata
Ekintza eta batukada festa.
12:00. Batukada tailerra egingo da.
13:45. Mural pintaketa egingo dute eta herri argazkia atera.
14:30. Bazkaria frontoian. Pikoteoa eraman eta barrikotea jarriko dute.
Apirilak 6, larunbata
Egun osoan. Autodefentsa feminista tailerra 18 urtetik gorako neskentzat. Egun osokoa izango da eta apuntatzeko azken eguna martxoaren 27a izango da. Izen emateko, udal bulegoetara jo beharko da, edo bestela, adunakoemakumeak@gmail.com helbidera.