Askotariko erabilera emango diote Adunan, Txantxaeneari

Jon Miranda Labaien 2019ko ots. 13a, 19:59

Atzo onartu zuen udalak 2019ko aurrekontua, eta inbertsioen atalean hilerria eta inguruak egokitzeko lanetara bideratuko da zati garrantzitsu bat.

Iazko egitasmoen artean egon arren, aurten ekingo diote Adunan Txantxaeneako proiektuari eta irailerako amaituta egotea espero dute. 410.000 euroko aurrekontua dute eraikinaren beheko solairua egokitzeko lanek eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du proiektua 235.000 eurorekin; gainerako zatia ordaintzeko, kreditu aldaketa bat egin eta gerakineko dirua erabiltzeko asmoa du udalak, 2018. urteko likidazioa egin eta gero. Milioi bat euro inguruko gerakina izatea espero dute udal ordezkariek.

Liburutegi berria, sotoan haurrentzako lokala eta denda-taberna jarriko dituzte Txantxaenean. «Eguneroko erosketa txikiak egiteko denda bat izango da, horrelakorik ez baitago herrian eta gainera taberna bezala funtzionatuko du», esan du Josu Amilibia alkateak. Eraikinaren atarian geratzen den terraza erabili ahal izango du denda-tabernak eta terraza horretan erretiratuentzat itxitura bat jarriko dute. «Orain arte herriko erretiratuek ez dute kokagune fisikorik eduki eta aukera hori eskaini nahi diegu, espazioa beraiek kudeatu dezaten. Beirate ederrekin, toki aproposa izango dela iruditzen zaigu».

Gutxi gora behera, zazpi hilabeteko iraupena izango dute lanek eta ondoren denda-tabernaren kudeaketa lehiaketara aterako du udalak. Zabalik dagoen orduetan, liburutegiarekin komunikatuta egongo da, eta aldi berean, erretiratuentzako zabalik izango da.

Egingo den kreditu aldaketarekin beste hainbat inbertsiori heltzeko asmoa dutela adierazi du Amilibiak. Herri batzarrean aipatutako gaiak zerrendatu ditu: «Belkoain bidean, errepidearen norabidea aldatzea aurreikusten dugu eta, bide batez, herriguneko ingurabide guztian seinaleztapena berrituko dugu; Eskolako teilatuan segurtasun linea moldatu beharra dago eta jendea kexu da frontoian dagoen sonoritatearekin. Megafonia sistema berria jartzeko aukera aztertuko dugu eta udal brigadarentzako autoa ere aldatu beharra daukagu».

2019KO AURREKONTUA

Atzo, behin behinean eman zitzaion onarpena aurtengo aurrekontuari. Orotara, 1.029.000 euro izango ditu udalak 2019rako eta alkateak nabarmendu duenez, dagoeneko zorrik ez dute ordaintzeko, iaz kitatu baitzituzten guztiak. Gastuen atalean, urtero, 800.000 euro inguru baliatzen dituzte gastu arruntetarako, eta 200.000 euro gorde dira aurtengo aurrekontuan inbertsio berrietarako.

Atal horren zatirik handiena hilerriaren inguruan egingo dituzten lanek hartuko dute. 230.000 euroko kostua du obrak eta lanak egiteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute, Erein programaren bitartez. Aurtengo udal aurrekontuan 115.000 euro gorde dituzte, besteak beste, hilerrira joateko bidean espaloia egiteko eta kanposantu aurreko zabalgunea asfaltatzeko. «Hilerriko fatxada berritu eta ingurunea txukuntzeko baliatuko ditugu lanak», esan du Amilibiak. Dagoeneko ingurunean lanean ari dira eta hilabete gutxiren buruan obra horrekin amaitzea espero dute udal arduradunek.

Bestalde, hondakinentzako edukiontziak kokatzeko guneetan ere egokitzapenak egin dituzte. «Lurperatuta zeuden orain arte eta edukiontzi berrientzako gunea prestatu eta egokitu dugu, irisgarritasuna hobetuz». 23.000 euro bideratuko dituzte aurtengo aurrekontutik lan horiek burutzeko.

Bestalde, mendi bideak txukundu eta konpontzeko 15.000 euro jaso ditu Adunako Udalak 2019ko aurrekontuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!