Mendi duatloia Adunara iritsi da

Asier Imaz 2018ko azaroaren 21a

Duela hilabete jokatu zen Amasako Mendi Duatloia

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua larunbatean amaituko da, Adunan. Lehen aldiz antolatu dute proba hau herrian; sagardotegian egingo dituzte ospakizunak.

Ibarra eta Amasatik pasa ondoren, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua Adunara iritsiko da, lehen aldiz, larunbatean. Azken proba izango da. Lasterketa 15:00etan hasiko da eta festaren hasiera besterik ez da izango. Triki poteoa, sari banaketa ekitaldia eta Aburuza Sagardotegian afaria ere egitarauaren parte dira.

Imanol Otermin adunarra antolatzaile taldeko kidea da. Berak aitortzen duen bezala, atzekoz aurrera eraman zuten zirkuitua Adunara: «Iazko azken lasterketaren ondoren, Getarian, afaria egin genuen. Bertan atera zen ideia, hurrengoa sagardotegiren batean egitea ondo egongo zela eta abar. Adunak horretarako aukera ematen zuen, eta denak ados agertu ziren». Zirkuitu amaierako afariak eraman du, beraz, mendi duatloia Adunara.

Ondoren herrian zabaldu zuten ideia. «Azken hilabete erdian geratu gabe gabiltza; batetik, azoka, bestetik, Kultur Astea. Orain hau tokatzen da. Alde horretatik eskertzekoa da adunarren parte hartzea eta konpromisoa», dio Oterminek.

Mendi duatloia antolatzen duten lehen aldia izango da. Orain arteko lasterketak ikusita, 70 parte hartzailetik gora espero dituzte larunbatean antolatzaileek: «Dortsalak 14:00ak inguruan banatuko dira. Izena emateko azken aukera hor egongo da. Banaka edo erreleboka egin daitekeenez duatloia, hasi berrientzat ere erakargarria izan daiteke. Hasieran, 3,4 kilometro egingo ditugu korrika, zirkuitu bati bi itzuli emanaz. Ondoren, mendi bizikletaz 14 kilometroko ibilbidea egin beharko da, mendian. Azkenik, berriro korrika, zirkuituari itzuli bat eman beharko zaio».

Aurrez izena emateko aukera kirolprobak.com webgunean dago.

EUSKAL HERRIKO ZIRKUITUA

Ibarrako Lokatzetan Kirol Taldeak antolatzen du Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua. Adunarrek larunbatean euren laguntza izango dute: «Azpiegiturak Lokatzetan taldekoek ekarriko dituzte. Guri zirkuitua antolatzea, anoa guneak jartzea eta antzeko lanak egitea tokatu zaigu. Ondoren, parte hartzaileak, antolatzaileak eta animatzen dena Aburuza sagardotegira joango gara. Bertan egingo da azken sailkapeneko sari banaketa ekitaldia». Horrela, irailean Ibarran hasi zen Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua Adunan amaituko da azaroaren 24an, 10. lasterketarekin.

EGITARAUA

Azaroak 24, larunbata

14:00. Dortsalen banaketa eta izena emateko azken aukera. Aurrez, kirolprobak.com webgunean.
15:00. Mendi duatloiaren irteera.
18:00. Lasterketako sari banaketa ekitaldia.
19:00. Triki poteoa.
20:30. Afaria Aburuza Sagardotegian.
22:00. Sailkapen nagusiko sari banaketa ekitaldia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!