Auzolanaren fruitu, azoka

Irati Saizar Artola 2018ko azaroaren 11

Herriko ertz guztiak bete dituzte adunarrek postu eta erakustaldiz. Urtebeteko lanketaren ondoren, Herri Azoka ospatu dute. 

10:00ak puntuan zirela Adunako elizako kanpandorretik adarra jo dute, txalaparta jarraian, eta kanpaiak ondoren. Suziriak sintoniari jarraipena eman dio, eta herritarrek hartu dute ondoren hitza. Auzolanean egindako eta lortutakoa azpimarratuta, ekintza xume bat egin nahi izan dute amalurrari zor zaiona adierazteko. Amalurrak Adunako herriari emandakoa eskertzeko, lur eskaintza egin dute herriko baserritarrek, beraien lurretako lur pixka bat ontzi handi batean botata. Alkateak ere bere lur zatia erantsi dio, laia sartu dute eta hasiera eman zaio egun guztiko festari.  

Plazara mugatu beharrean, herri guztian barrena jarri dituzte postuak eta erakustaldiak. Garai bateko tresna eta makineriak ikus zitezkeen, martxan gehienak. Horrela, lehengo eta oraingo lanbideak ikusteko aukera izan da. 

Egunari jarraipena bazkari batekin eman diote; frontoian egin dute. Eta biribiltzeko, erromeriaz gozatzeko aukera izan dute Ttipika taldearen eskutik. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!